Arakilgo Udalak Hiriberrin dauden ur ihesak desagerrarazteko lanak eginen ditu. Zehazki, Sakanako Mankomunitatearen uraren goi-hornidura sareko hartunetik herrira bitarteko hoditeria berrituko du udalak. 500 bat metroko luzeran eginen dira lan horiek. Baina lanetatik aparte geldituko dira Sakanako Autobiaren (A-10) eta trenbidearen azpian dauden hodi zatiak. Ordezkatuko den hoditeria 40 bat urte ditu. Herriko hornidura sarea, berriz, 2008an berritu zuten.
Urdalurko sareko ura edaten dute Hiriberri Arakilen. Sakanako Mankomunitateak 58.067 m3-ko hornidura egiten du urteko, baina udalak herritarrei soilik 10.961 m3 kobratzen die. Beraz, gainontzeko 47.116 m3-koak galdu egiten dira eta horrek urtero 7.345,38 euroko kostua du. Arakilgo Udalak egindako lanen deialdiak 92.281 euroko aurrekontua du.