Kontzeju biltegiarendako ate berria

Guaixe 2019ko api. 14a, 12:58
Hiriberriko kontzeju-etxea.

Han gordetzen diren trasteak errazago sartu eta ateratzeko ate handiago bat jarriko da kontzeju-etxearen alde batean.

Hiriberri-Arakilgo Kontzejuak 23.153,53 euroko aurrekontua du aurten, joan den urtea baino 2.725,53 gehiago. Kontzejuko kide Gaizka Unanuak azaldu digunez, kontzeju-etxean eginen duten lana da aurreikusten duten inbertsio handiena. “Etxearen atzeko aldean biltegia dugu. Han kioskoa eta barraka gordetzen ditugu”. Baina haiek sartu eta ateratzeko eraikinaren atzeko aldean dagoen atea ez da behar bezain handia eta horrek zeregina zailtzen du. Horregatik, kontzeju-etxeko atzeko atea leiho bihurtzeko lanak egin eta eraikinaren alboan ate handiago bat irekiko dute. Unanuak esan digunez, lanek 20.000 euro inguruko aurrekontua izan dezakete. Enpresen eskaintzen zain daude kontzejuan.

Bitartean, herrian beste lan bat eginen da, oraingoak Arakilgo Udalaren ardurapean. Sakanako Mankomunitatearen uraren goi-hornidurako hoditik Hiriberri Arakilera ura eramaten duen hodia hondatuta dago eta urtero 47.116 m3-ko galtzen dira, udalarendako 7.345,38 euroko kostua izanik. Hori saihesteko Arakilgo Udalak 500 metroko hoditeria berritu eginen du aurten. Lanek 92.281 euroko aurrekontua dute.

Bitartean Hiriberri Arakilgo kontzejuko kideek zain daude udalak kontratatuko dituen langabeen profila zein den jakiteko. Horren arabera haiendako lan batzuk edo besteak proposatuko dituzte. Bitartean, 18 eta 55 urte arteko hiriberriarrek urtean hamar auzolan eginen dituzte (zuhaitzak kimatu, belarra moztu, garbiketa…).