Jarraipeneko aurrekontuak kontzejuan

Guaixe 2022ko api. 19a, 09:31
Tokiz aldatuko duten hondakinen ekarpen etxola.

Kontzejuak aurten 24.106 euroko aurrekontua du. Erortzeko arriskua duen Arakil ibaiko zubia konpontzeko dirulaguntza lortzea espero dute kontzejuan.

Joan den urtean baino 799 euro gutxiago kudeatuko ditu aurten Hiriberri Arakilgo Kontzejuak, 24.106 euro. Haietatik 8.791 euro inbertsioetarako dira. Horietan nabarmenena da argiteria publikoko bonbillak LED argiengatik ordezkatzea. Kontzejuko presidente Javier Arrieta Anizek azaldu duenez, “lan gehiago egin nahi ditugu, baina horretarako dirulaguntzak behar ditugu”. Zubia konpontzea da egitekoen artean dutena. “Herritik gertuen dagoen zubiko begian, klabean, harriak falta dira eta zartatu handi bat du”. Erori daiteke. “Nafarroako Gobernuak Toki Azpiegitura Planeko deialdia egiteko zain gaude eskaera sartzeko. Bestela, kontzejuak bakarrik ezin dio aurre egin 200.000 euro inguruko inbertsioari. Kontzeju buruak azaldu duenez, abenduko uholdeek ez zuten zubia gehiago kaltetu. 

Kontzeju etxearen atzeko aldean dagoen biltegiko atea berritzeko dirulaguntza eskaera egin zuen udan Hiriberri Arakilgo Kontzejuak, “baina lan batzuek lehentasun handiagoa zuten eta ez digute laguntzarik eman” azaldu du Arrietak. Horrekin batera, eraikin guztia margotu nahi lukete. Kontzejuak urtean hamar auzolan deitzen ditu. Horien bidez hainbat lan egiten dituzte hiriberriarrek. Beste lan batzuk Arakilgo Udalak udarako kontratatutako langileek egiten dituzte. Langile horiek egin ditzaketen lanen zerrenda osatzen aurki hasiko dira kontzejuan. Joan den urtean bide bat konpondu zuten. 

Epaitza eta ekarpen etxola
Kontzejuak epaitza saltzeko deialdia egin zuen azaroan, baina ez zen inor aurkeztu. “Baso hobekuntzarako eginen den mozketa batetik geldituko diren zuhaitzak dira. Guztia egurretarako da”. Kontzejukoak egurketariekin hizketan ari dira eta badirudi bakarren batek hartuko duela epaitza. 8.307,22 euro (BEZ kanpo) balio ditu epaitzak. Urbaranen eta Urbarango harratean dago eta Madotzek eta Hiriberri Arakilek duten elkarrekiko basoaren edo partzuergoaren parte da, “beraz, lortutako dirua bien artea banatuko dugu”. 

Bestetik, hondakinak bereizita jasotzeko ekarpen etxola Goialde kaleko 7. zenbakiaren parean dago. Han etxea egin behar dela eta etxola kendu beharra dago. Hiriberri Arakilgo Kontzejuan ekarpen etxola non jarri aztertzen ari dira. “Toki egokia bilatzen ari gara. Guk proposamena eginen dugu, behar izanez gero, udalak zoruan porlana zabalduko luke eta, agian, auzolan bat deituko genuke laguntzeko. Eta etxola tokiz aldatzea Sakanako Mankomunitatearen ardura izanen da”, azaldu du Arrietak. Eta jakinarazi duenez, Mank-ek etxolako atea berritu eta margotu du.