Lau etxe egiteko urbanizazio proiektua jendaurrean

Guaixe

Autobus markesinaren atzeko partzela urbanizatzeko proiektua aurkeztu dute. ARTXIBOA

Kooperatiba batek sustatu du. 

Hiriberri Arakilen udalak Eskolarantz eta Goialde kaleen artean dagoen partzela erosi zuen eta hirigintza antolaketa aldatu ondoren, Auzoberri kooperatibari esleitu zion. Kooperatibako bazkideek birpatzelazio eta urbanizazio proiektua egin dute. Hura hasiera batez onartu du udalak eta abenduaren 13ra arte jendaurrean egonen da, interesa dutenek aztertu eta, hala balitz, bidezko alegazioak aurkez ditzaten.  Kooperatibak lau etxebizitza egitea aurreikusi du. Partzelaren beste bi herenek beste proiektu batzuk egiteko aukera ematen dute. Epe ertainean eginen dela uste dute udaleko kideek.