Ardi beltzen artaldea izan arren, gaztandegiaren Arbeltz izena artaldea udan Andia mendian larratzen den tokiaren izena dela argitu du Naiara Calderon Aiestaranek.
Artaldeak zer moduz pasa du uda?
Aurtengo uda oso ezohikoa izan da. Normalean guk ardiak jezteaz bukatzen dugunean, antzutzen ditugunean, mendira eramaten ditugu. Baina aurten mendira eramateko garaia iritsi denean mendia ez zegoen baldintza onetan.
Mendira eramatea apirila, maiatza hasieran izaten da, ezta?
Guk antzuak dauden ardiak mendiak zabaldu orduko, apirilaren 15ean, igo egiten ditugu. Baina ardiak jezteaz garila akabera aldera bukatzen dugu, eta orduan artalde osoa igotzen dugu. Normalean Andian lastaila erdira arte izaten dugu artaldea.
Hori urte normal batean.
Aurten apirilean antzuak igo genituen. Baina garila akaberan mendia oso-oso gaizki jarri zen. Batez ere arazorik handiena ur falta izan zen. Ardi haiek herrira jaistera behartuta egon ginen. Eta garai hartan igo beharko genituen ardiak ezin izan genituen igo.
Eta nola moldatu zarete? Gure moduan, ardiek ere egunero jaten dute eta.
Azkenean ardiek jan egin behar dute, bai edo bai. Larreetan eta mendietan janarik ez egotean negurako ziren janak gastatzen aritu gara. Ahal izan dugun bezala ibili gara.
Neguko janak biltzeko aukera izan zenuten?
Gu garaiz ibili ginen eta maiatzerako negurako belarra sartuta genuen. Eta kanpotik beste bazka batzuk ere ekarri genituen, nahiko. Jakin gabe zer heldu zen, baina ematen zuen nonbaitetik bagenekiela, eta, bai, biltegia garaiz bete genuen. Horri eskerrak pixka bat defendatu gara uda honetan.
Negukoak jateak gastu bat ekarriko zuen, ezta?
Hala da. Garai honetan gastua urte guztiko baxuena izaten da, ardiak bai larrean bai mendian baitaude, eta apenas ematen dute gasturik. Baina aurten neguko belarrak eta bazkak ematen aritu gara eta gastua askoz ere handiagoa da.
Aiton-amonek esaten dute beraien garaian azienda ibintzetan ibiltzen zela. Aukera da?
Guri ez digute horrelakorik esan. Baina ahal izan dugunari heldu behar izan diogu. Esate baterako, orain arte barruan jaten ibili dira. Baina orain arte egin ez duguna egin dugu. Ondoan behizaleak ditugu eta siloa egiteko artoa jaso dute. Eta haiek aprobetxatu ez dituzten artaburuak jaten egon dira gure ardiak. Ahalik eta gehien aprobetxatzeko egin dugu.
Mendian ura eskas, ibarrean bermatuago?
Behean gutxi dago, baina moldatzen dira. Erreka bazterretara-eta jaisten dira, eta ikuiluan egon diren bitartean ura badute. Ez da arazo handirik egon. Baina goian bai, arazoa serioa izan da. Guk Andian baltsa natural batzuk ditugu, ez dago gehiago. Eta haiek garila akaberarako erabat lehortuta zeuden. Azienda urik gabe ezin da han egon.
Orain euria gozo eginen balu, zerbait konponduko litzateke?
Gozo-gozo egin beharko luke. Ez dakit. Bota izan dituen lau tantekin ez du ezta gainazala bustitzeko ematen ere. Esperantza badaukagu, baina ez dakit udazkena nola etorriko den.
Artaldea mendira berriro igotzea, hori ahaztu?
Ez dakigu. Esperantza ez da inoiz galtzen. Udazkenean pixka bat berdetuko balu, igotzeko aukera egonen balitz, gustatuko litzaiguke. Egunean egunekoa ikusi beharko da.
Uda ardiak estaltzeko garaia da. Umatuko dira?
Gureak baietz uste dut. Horregatik ez ditugu mendira eraman. Mendian egonen balira miseria pasako zuten eta orduan errazagoa da, nahiz eta umatu, abortuak eta arazoak izatea. Gure irudipena da nahiko ongi zainduta egon direla. Askoz ere gastu gehiagorekin, jakina. Baina uste dugu aharikoa hartu dutela eta, behintzat, fuerte daude.
Beste ganaduzaleen aziendei udak berdin eragin die?
Bai. Haiek, gainera, lehenago jaitsi behar izan zuten. Behiak eta behorrak askoz gehiago sufritzen dute. Guk ardiak jaitsi genituenerako azienda larria jaitsia zegoen.
Egia da aziendaren bat bere kabuz bordara jaitsi dela?
Ez dakit. Ziurrenik baten batek etxerako bidea hartuko zuen, bai. Ez da gure kasua izan. Pixka bat luzatu duten horiek, azienda sufritzen hasten denean, etxerako bidea bilatzen du, bai.
Eta honen guztiaren aurrean, zer egin daiteke? Zer eskatzen duzue?
Hau ez da kontrolatu dezakegun gauza bat. Lehendik ere nahikoa justu bagabiltza, eta horrelako egoerekin gobernuaren aldetik-eta laguntzak beharko genituzke. Esaten dutenez zerbait pentsatzen ari dira (Nafarroako Gobernuko Landa Garapen Departamentuak 6 milioi euroko neurria iragarri du animaliak elikatzeko lehengaien kostuen igoera konpentsatzeko).
Bazkaz aritu gara, baina gasolioa eta argindarra ere garesti daude.
Aurten dena elkartu da. Kostuak alde guztietatik igo dira. Eta, gainera, lehorteak errematea egin digu.
Igandean Arakil eta Irurtzungo bertako ganadu azoka izan zen. Hara joan zenak, azienda erakusketa ikustean, zer hausnarketa egin beharko luke?
Hemen barruan ez dagoenak gure egoera ulertzea zaila da. Nahiz eta jendeari azaldu, barruan egon arte jendea ez da kontziente zer suposatzen duen halako azienda aurrera eramateak. Galdetzen dute: Nola zaudete? Eta lehorteak nola eragiten dizue? Jendeak galdetzen du, baina beti esaten diegu: hau zer den bizi arte ezin duzu ideiarik egin. Ematen du beti negarrez ari garela, gauza bat ez bada bestea daukagu. Baina egia da lan handia dela eta zailtasunak ere asko dira.
Zuen burua edo bakarren bat ikusi duzue esan duena: ″dena utzi, eta aurrera″?
Gu gazteak gara eta aurrera eginen dugula uste dut. Hau pasako da, zikloak izaten dira. Baina jendea harrapatzen duen egoeraren arabera… Batzuk ekonomikoki oso itota daude. Dagoeneko ez da kostuen igoera bakarrik, produktuen prezioa ez dago bere momenturik hoberenean. Eta, gainera, aurten etorri dakigun hau… askorendako akabera izanen da.