Zirika Zirkus Fetenen

Guaixe 2017ko ots. 15a, 15:21
Zirika Zirkusko taldeko hirukotea.

Gijongo haurrendako antzerkiaren nazioarteko azoka, Feten, igandetik ostirala bitartean da. Aurtengo edizioan, 26.a, 17 herrialdetako 700 proposamenen artean 77 konpainiaren lana aukeratu dute azokan erakusteko. Horien artean dago Zirika Zirkus konpainia eta bere Tren geltokia ikuskizuna. Obra horretan Zirika Zirkus-eko kideek clown, akrobazia eta malabareak elkartzen dituzte. Maribel Martinezek, Luis Lainezek eta Ainhoa Juanizek tren geltoki magiko batean topo eginen duten hiru pertsonaia oso berezi eta desberdinen papera jokatzen dute: bere beldurrei aurre egiten dien ballet dantzari bat, boxeolari, sabeliztuna, malabarista, edabe-saltzailea, lapurra, heroia…. nondik nora doan ez dakien gizon polifazetikoa eta hirukote bitxi hau osatzen duen eta geltokian bide batez dagoen gorputz, buru eta espiritualtasun entrenatzaile bat.

Ikuskizunak, euskaraz eta gaztelaniaz, gure geografian ibilbide luzea egin ondoren iritsiko da Gijonera. Hiru emanaldi eginen ditu Zirika Zirkusek: gaur, Pumarin, Hegoaldeko Gijonen eta bihar eta etzi Begoña paseoan, Jovellanos antzokiaren parean. Emanaldi guztiak 18:00etan izanen dira. Publiko guztiendako emanaldia da. Zirika Zirkusek ez du aurreneko egonaldia Fetenen. 2015ean  Txarlestrup ikuskizuna eskaini zuten eta epaimahaiaren aipamena jaso zuten.