Aurrenekoan hautagaitzarik ez zegoenez, Irañetako Udala bigarren deialdian osatu zen, azaroaren 17an. Udal agintari berriek larunbatean hartu zuten kargua. Bosten artean erabaki zuten alkatea Ainhoa Beraza Maizak hartuko zuela. Udalaren martxa aurrera eramateko aldamenean izanen ditu Jose Ignacio Arangoa Zia, Sara Lakuntza Sanchez, David Beraza Vitoria eta Odei Zabala Bengoetxea.
Alkate kargua hartu berritan Berazak azaldu digu ur biltegi berria egiteko lanak izanen direla aurreneko lehentasuna. Deialdia hutsik gelditu ondoren, bigarren bat egin du udalak. Lanen aurrekontua 187.121,9 eurokoa da (BEZ kanpo). Eraikuntza enpresek euren eskaintzak hilaren 15era arte aurkez ditzakete. Berazak azaldu digunez, Irañetako Udalaren beste lehentasun bat herri-argiterian LED argiak jartzea izanen da. Lan hori heldu den urterako utziko dute. Eta alkateak jakinarazi digunez, udal ordezkari guztien artean banatuko dituzte ardurak, besteak beste, Irañeta Sakanako Mankomunitatean eta Irurtzun aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuetan ordezkatzeko.
2011. eta 2015. urteen artean alkate izan zen Cristina Irigarai Berazaren ondoren, Beraza Irañetako bigarren emakumezko alkatea da. Bere aukeraketarekin, eta Iturmendiko Udala berritzeko zain, Sakanako 15 udaletatik lautan emakumezkoak dira alkate (% 26,66): Oihana Olaberria Jaka Arakilen, Silvia Marañon Chasco Etxarri Aranatzen eta Olatz Irizar Martinez Ziordian. Bestetik, ibarrean 15 kontzeju daude eta haietatik soilik bitan (% 13,33) dira emakumezkoak kontzejuko presidenteak: Idoia Resano Igoa Dorraon eta Teresa Goikoetxea Arregi Lizarragabengoan.