Irañetako Udalak bere aurtengo aurrekontuan 384.854,79 euro sarrerak aurreikusi ditu, joan zen urtean baino 100.712,71 euro gehiago. Iñaki Arangoa Zia alkateak azaldu duenez, "diru sarrera gehiago ditugu Nafarroako Gobernuak hala aginduta hiri kontribuzio zerga handitu dugulako eta dirulaguntza gehiago jasoko ditugulako". Irteera edo gastuei dagokienez, udalak 325.568,96 euro izanen ditu, joan zen urtean baino 41.799,03 euro gehiago.
Udalak aurreikusitako irteeretatik 188.895,97 euro inbertsioetara bideratuko dira. Kopuru horren ia erdia ur biltegiko hoditeriaren giltzen gelan iragazpen sistema jartzeko izanen da. Horrela, ur hornidurari buruzko araua zorrotz beteko da. Udalak lan hori emateko deialdia egina du eta guztira 90.972 euro (BEZ barne) bideratu ditu. Aurrekontu horren %70 Nafarroako Gobernuak emandako dirulaguntzaren bidez ordainduko du udalak, gainontzekoa berak jarri beharko du.
Egitekoen artean dago udaletxe zaharra berritzea ere. Arangoak azaldu duenez, "lanak aurten hasi eta heldu den urtean despedituko dira". Eraikin hori erabilera soziokulturalerako bideratu nahi du udalak, "baina, oraindik, aukerak aztertzen ari gara". Udalak egindako proiektua 176.108,46 euroko aurrekontua du eta Nafarroako Gobernuaren Toki Inbertsioen Planean jasota dagoenez, dirulaguntza jasoko du. Irañetako Udalak, ordea, ez zuen bere gaur egungo egoitzako, udaletxeko, teilatua konpontzeko dirulaguntzarik jaso. Itajurak daude.
Ezezkoak
Arangoak jakinarazi duenez, "udaletxean eta frontoian daudenak LED argiekin ordezkatu nahi ditugu. Gainera, herriko toki batzuetan ere argia jarri nahi dugu. Horretarako dirulaguntza eskatu genuen eta ukatu egin ziguten". Beraz, aurrerago eginen dute 11.000 euro inguruko aurrekontua duten lan horiek. Udalak behartuta eginen duena da udaletxean dauden banderak berritu. Hori exijituz, Espainiako Gobernuaren Nafarroako ordezkaritzaren jakinarazpena jaso zuen udalak.
Bestalde, herria zeharkatzen du goi tentsioko linea batek. Haren dorreetako bat Nagusia eta Ardanzeta kaleen bidegurutzearen ondoan, Irañetako herri gunearen sarreran dago, etxeetatik hurbil. 220 kV-ko goi tentsioko elektrizitate linea lurperatzeko aukera Madrilen "begiratzen ari dira, baina ezezkoa emanen diguten susmoa dut", azaldu du alkateak.
Egindakoak eta egitekoak
Irañetako Udalak Tufeta eta Zabal dermiotako bideak konpondu zituen. Makinak han zeudela baliatuta, Iberasko bidea ere konpondu zuten. Aurrekontutik kanpo zegoen lan horrek 4.000 euro balio izan zuen. "Abeltzaintza baliabideak hobetzeko dirulaguntza jasoz gero, aurten ere dermioko bideren bat konpontzeko asmoa dugu", argitu du Arangoak.
Bestetik, bargan dagoen haritz zaharren ibilbidea garbitzeko Europatik dirulaguntza jasoko du Irañetako Udalak. "Haritz Zalduak egindako lanari esker etorriko da dirua. Haritz zaharrak kontserbatzeko, basoa sasietatik libratu eta azienda bazkatzeko moduan utzi nahi dugu", azaldu du alkateak. Handik ez oso urruti Basokoetxe borda dago eta han dauden eguzki plakak berritzeko udalak dirulaguntza eskatu du. Azkenik, alkateak jakinarazi du Euskal Herriko erdigunera eta Beriainera doazen seinaleztatutako bideen ertzean dauden panelak berritu nahi dituztela.