Urriaren 13an bi adar abiatu ziren Andimendirantz, Beriaingo baselizatik gertu, Olibesario saroian dagoen Euskal Herriko Erdigunerantz (1.236 m). Bata Irañetako bordatik atera zen, eta Senosiaindik bestea. Erdigunean topo egin zutenean hasi zen euskal mendi klubek eta bi mendi federazioek antolatutako ekitaldia. "Euskal Herriko Erdigunera Ibilaldia oso ongi atera zen. Nahiz eta lainoa egon, jende asko animatu zen ekimenean parte hartzera, pozik gaude" azaldu du Iratxo elkarteko Mikel Goldarazenak.
Ekitaldian Xabi Isasak (Euskal Herriko Erdigunea kalkulatu zuen Felix Isasaren semea), Atharratze mendi taldeko Rober Larrandaburuk, Gure Eskuko June Romatetek, Gu ere bai!-ko Patxi Gaztelumendik eta Miren Eizmendik, bi mendi federazioen izenean, hartu zuten hitza, nazio bat garela aldarrikatu, eta bi mendi federazioek elkarlanean lan egiteko sortutako Euskal Herriko Mendi Biltzarra eta Euskal selekzioak babestera deitzeko. Palestina eta Libano jasaten ari diren genozioa salatu zen.
Irañetako Bordan pintxo potea izan zen. Bordan bertan 90 pertsona bildu ziren bazkaltzera. "Lakuntzako baba txikiak primeran zeuden; eta giroa ederra". Ehun Mendietako Mendizaleen Anaidiko diplomak banatu ziren.