Astekaria

Irintar ospetsua omendu dute

Alfredo Alvaro Igoa 2025eko irailaren 29a

Amelia Guibert Navaz alabekin batera eskulturari begira.

Maria Ana Sanz Huarte "hezkuntza eta justizia sozialaren sustatzaile sutsua". Hala irakur daiteke Irañetako Udalak Dukearena etxean, Sanzen sortetxean, jarritako plakan. Eskulturarekin batera Sanzi egindako omenaldiaren oroigarriak dira.

Larrain eta Nagusia kaleen bidegurutzearen ondoan dago Maria Ana Sanz Huarteren omenezko eskultura irailaren 20az geroztik. Eskola zenari begira. Irintar talde bat arduratu zen herritar ospetsuaren omenaldia antolatzeaz. Iñaki Arangoa Zia alkateak azaldu zuenez, "ez genuen espero hainbeste jende etorriko zenik. Oso pozik. Lana egin dugu, baina hainbeste jende ikusita gustura gelditzen zara". Argitu zuenez, "garagartzaroan, herriko kontuen berri eman genuenean, jakin genuen Sanz hemen jaio zela. Eta omenaldia prestatzeko lana hartu genuen". Aitortu du "estu eta larri" ibili direla. "Talde oso langilea sortu da, gogo biziz aritu dira eta lan handia egin dute. Ni eta udala oso eskertuta gaude haiekin". Alkateak eskerrak eman dizkio familiari. "Asko eman digu". Eta horrela prestatu ahal izan zuten eskulanak egiteko erabiltzen den gelan jarritako erakusketa, larunbatean ikusgai izan zena. Han panelen bidez omenduaren nondik norakoak ezagutzeko aukera zegoen. 

Omenaldia irintarrak Sanz ezagutzeko balio izan duela aitortu du Arangoak. "Askok ez zuten ezagutzen, Sanzek herritik berehala alde egin zuelako. Omenaldian herriko jende asko zegoen. Interesa eta jakin-mina zuten". Larunbataz geroztik argi dago Irañetan emakume ospetsu bat jaio zela. "Emakumezkoek gaur egun trabak dituzte. Sanzen garaian are gehiago. Ikusten denez, Sanz oso aurrerakoia zen", nabarmendu zuen alkateak. 

Sendia
Familiak pozez hartu zuen irintarren ekimenaren berri. Bartzelona, Madril, Santander eta Donostiatik etorritako senideak izan ziren Irañetan, lau belaunaldi. Omenaldia familia topaketa baterako aukera bihurtu zen haiendako. Amelia Guibert Navaz bilobak ez zuen Sanz ezagutu. Baina amaren bidez jaso zuen "abuelitinaren" berri. "Familia guztietan harekiko maitasun hori transmititu zaigu. Amak amonaz maitasun handiz hitz egiten zidan, bere bizitzaz, egin zituenez. Amonagatik harro gaude, maitasun handia diogu". Familian arrastoa utzi zuen Sanzek. Guiberten ama irakaslea zen, bera batxilergoan izan zen eta alabak ere irakasleak dira. 

Guibertek Maria Ana Sanz Huarte (1868-1936) en primer termino, mujer liburua argitaratu zuen. "Nire ahizpa Maria Estherrek emandako informazioa dut nik. Bera ere Eskola Normaleko zuzendaria izan zen. Irakasle ikastetxeari buruzko liburua argitaratu zuen Vianako Printzea erakundearekin. Akademia giroan amonaren berri bazuten, baina handik kanpo, ez. Horrek bulkatu ninduen hari buruz idaztera. Eusko Newsen bi artikulu idatzi nituen: La identidad vasca de Maria Ana Sanz eta bestea biografia moduko bat". 

Azaldu zuenez, "behin baino gehiagotan izan gara Irañetan, amonaren sortetxea bilatu nahian. Baina galdetu eta inork ez zekien. Orain hori ezagutzeko ilusioa dugu". Guibertek azaldu zuenez, "neguko gau luzeetan suaren inguruan familia istorioak, kondairak eta tradizioak transmititzen zaizkigu ahoz, galdu behar ez den nortasun hori emateko, eta bitarteko berriekin osatzeko. Omenaldia tradizio horrekin lotzen dut". 

Eskultura
Iñaki Villanueva Ortegak Tafallako hareharri bloke batean irudikatu du Maria Ana Sanz Huarte. "Egina dagoenean errazago dirudi. Lan izugarria izan da. Bloke batetik halako eskultura ateratzea kostatzen da. Gainera, ni, normalean, egurra gehiago lantzen dut. Baina, azken finean, materiala kentzean datza, eta ohituta nago. Material guztiekin jolastea gustatzen zait. Asko gustatzen zait gauza eta material desberdinak erabiltzea". Erabili duen harria "oso goxoa da, lantzeko biguna. Oso polita, eta kalitate onenetakoa da. Mantentzeko berniz pixka bat eman diogu. Etorkizuneko mantentzeaz udalak arduratu beharko du". 

Eskultura figuratiboa da Villanuevak egin duena. "Argazkietan oinarritu naiz eskultura egiteko. Eta Hezkuntzan haurrekin lan egiten zuenez, neskato bat jarri diot aldamenean. Haurrekin zuen erlazioa islatzeko Sanzek neskatoaren buru gainean eskua du. Aldi berean, neskak Sanzek beste eskuan duen El arte de educar liburua ukitzen du. Eskuekin lotutako hiruki horrek elkarrekiko harremana islatzen du". Sanz hezkuntza, liburua jakintza, haurraren ikasteko gogoa. Gainera, Sanz aurrera begira dago. Parean garai bateko eskola du. "Irañeta herri txikia da eta sarreran figura indartsu bat du orain". 

Erlazionatuak

Irañetako maistra

Erkuden Ruiz Barroso ira 24 Irañeta