"Edozeinek egiten ditu argazkiak, baina edozein ez da argazkilari on bat"

Maider Betelu Ganboa 2015ko eka. 5a, 08:10

Itziar Matxain, Argazkilari irurtzundarra.

1.Txikitatik duzu argazkilaritzarako zaletasuna?
Txikitatik erabiltzen dut kamara. Artearen inguruko gauza asko gustatzen zitzaizkidan eta institutua bukatzerakoan argazkilaritzarekin probatzea erabaki nuen. Bartzelonara joan nintzen goi mailako argazkilaritza ikastera. Hiru urte dira, bi ikasten eta azkenekoa proiektua egiten eta praktikatan. Bukatzerakoan ikuskizun argazkilaritzako espezializazioa egin nuen. Argazkiak egiteaz gain, bideoak ere egiten ditut baina argazkilaritzat dut nire burua.

2.Zure lanak erakutsi dituzu?
Bai. Bartzelonan batez ere antzerkiari lotutako argazkiak egiten nituen eta erakusketak egin izan ditut. Bestalde, beste argazkilari batzuekin Kasua izeneko kolektiboa sortu genuen Bartzelonan. Argazki artistikoagoak egiten genituen eta erakusketak eta jaialdiak egin izan ditugu.

3.Gaur egun edozein da argazkilari?
Ez. Egun edozeinek egiten ditu argazkiak baina edozein ez da argazkilari on bat. Argazkilari bat izateko prestakuntza garrantzitsua da, teknikoki eta kontzeptualki. Lan ona egiteko ikasketak behar dira, ofizialak edo norberak bere kabuz eginak.

4.Bartzelonatik Irurtzunera bueltatzea erabaki zenuen eta aurten zure enpresa propioa sortu duzu.
Bai, asmo horrekin etorri nintzen. Egun Etxeberrin bizi naiz eta etxetik lan egiten dut.  Itziar Matxain da izena. Printzipioz edozein lan egitera zabalik nago, baina egun interiorismoan oso zentratuta nago. Izan ere, Txema Iriarte irurtzundarrak altzari denda du Iruñean eta berarekin hasi nintzen lanean, interiorismoko argazkiak egiten. Mundu hori asko gustatu zait, gaiari inguruko ikastaro bat egin nuen eta egun, bereziki, interiorismo eta arkitektura argazkiak egiten ditut. Baina ateratzen diren gauza guztiak egiten ditut. Horretarako, zure burua ezagutarazi behar duzu. Lan astuna da. Pazientzia handia izan behar duzu, kontaktuak egin, zure lana erakutsi, jendearekin egon… Argazkilaritza beti izan da zaila. Badaude hilabete batzuk gauza dezente ateratzen direnak eta beste batzuk ez. Pixkanaka joan behar duzu kontaktuak egiten.

5.Negozioa sortzeko bidean zer izan da zailena?
Burokrazia eta paper kontua. Oso zaila egiten zitzaidan. Baina Arbizura jo nuen, Cederna-Garalurrera, eta oso ongi. Asko lagundu naute. Izan ere, autonomo egiteko memoria bat erredaktatu behar duzu, paperak egin… Cedernaren laguntzarekin azkenean ez da hain zaila izan.

6.Ikuskizunen mundua eta interiorismoa landu duzu. Eta paisajea?
Gustatzen zait, argazkiak egiten ditut baina gaia ez dut asko landu. Profesionalki antzerkiaren eta ikuskizunen munduan ibili naiz eta orain interiorismoaren eta arkitektura munduan. Oso mundu ezberdinak dira. Antzerkia, musika, dantza… txikitatik asko gustatzen zait eta argazkilaritzari esker Bartzelonan jende asko ezagutu dut mundu horretan. Interiorismoa bat-batean etorri zen… eta engantxatu naiz.

7.Oso kritikoa zara zure buruarekin?
Bai, gehiegi. Beti hobetu daitekeela uste dut. Horrek hobe izatera bulkatzen nau, baina txarra ere izan daiteke, perfekzionismo hori kontrolatu behar da.

8.Zein dira zure argazkilari kuttunenak? Zein ispilutan begiratzen duzu?
Asko. Ruben Dario brasildarra argazkilaritza artistiko moduan oso ona da, paisajeetan Salgado eta interiorismoan Joan Roig, esaterako. Roigekin ikastaro bat egin nuen eta oso argazki onak egiten ditu.

9.Zein da zure helburua?
Estudioarekin bizi ahal izatea, soldata normal bat izatea. Asko gustatzen zait argazkilari moduan lan egitea, baina soldata nahikorik izango ez banu beste lan bat bilatu beharko nuke. Enpresaz kanpo, hemengo jendearekin proiektu asko egiten ditut, proiektu artistikoagoak, kobratu gabekoak. Beti dut aukera proiektu hauetan parte hartzeko eta gustura egiten ditut. Enpresarekin soldata ateratzea eta denbora librean gustuko gauzak egitea. Eta lanak esperimentatzea eta ikastea uzten badit… hobeto!

10.Lanak iristen ari dira?
Bai, pixkanaka. Udaberriak ekarri ditu dezente, baina lehenengo hilabeteak zailagoak izan ziren.  

11.Zer da argazkilari bat izatea?
Galdera zaila. Argazkilari lana edozein izanda, serioski hartzea. Jendeak pentsatzen du edonork egin dezakeela ezkontza erreportaje bat edo edozein gauza, ez da serioski hartzen. Ikastea garrantzitsua da, baina ezagutzen dut jendea bere kabuz ikasi duena, lana serio hartu duena, argazki asko ikusi eta gauzak probatu dituena eta gauzak ongi egiten dituena. Finean, argazkiak ateratzeari bere garrantzia ematea. Argazkilari izateko irudiaren mundu hori izugarri gustatu behar zaizu, gustatzen bazaizu zerbait esateko duzulako. Eta argazki on bat ateratzeko kamara, argia eta begiak dira ezinbestekoak. Hau da, gauzak ongi begiratzea. Sentsibilitate hori.