Denak arroz ale

Guaixe 2015ko eka. 8a, 12:39

Larunbatean Munduko Arrozak Irurtzungo plazaz jabetu ziren. Lapiko atzean jatorri ezberdinetako irurtzundar asko elkartu zen. Eta haienparetik jakinmina zuen jende asko pasa zen.

Larunbatean bederatzi arroz mota ezberdin dastatzeko aukera izan zen Irurtzunen. Argentina, Ganbia, Irurtzun, Senegal eta Venezuelar jatorriko sukaldariak jendaurrean prestatu zituzten arrozak. Estreinakoz ekimenean parte hartu zuen San Martin jubilatu elkarteak, bi arroz mota prestatu zituzten bere kideek. Haiekin batera Maroko eta Saharako jatorria zuten bi emakumek cous-cousa ere prestatu zuten. Guztiek ere, arroz aleak bezala, berdinak garela aldarrikatzeko.

Hala azaldu zigun Bego Zestau Baraibar, Sakanako Mankomunitateko Immigrazio Zerbitzuko teknikaria, Itxipuru taldearekin eta Onarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearekin ekitaldiaren antolatzaile izan zena. Irurtzundar ugari pasa ziren plazatik arroz errezeta berriak ezagutzera. Baita Lorena Arangoa ere, umore ukitua jarriz eguerdian. Guztiek bukatzean arroza dastatzeko eman zieten elkartutakoei eta guztiek elkarrekin bazkaltzen bukatu zuten.

Aniztasunaren oka jolasa
Larunbatean mustu zuten haur irurtzundarrek aniztasunaren oka jolasa. Ohiko jokoaren moldaketa horretan haurrek aniztasunetik aniztasunera joaten ziren. Bidean Irurtzunek hartzen dituen kulturei buruzko galderak erantzun behar zituzten txikiek. Horretan, helduen laguntza izan zezaketen.

Bestalde, Aurreiritzien inguruan hausnartzeko bi gune izan ziren. Plazan hainbat komikik ematen zuten hausnarketarako aukera. Aldamenean, giza eskubideen eta haurren eskubideen adierazpenak irakur zitezkeen. Jubilatu elkartean, berriz, Mexikon ekoiztutako dokumental bat.

Altsasura
Zestauk adierazi zigunez, Munduko Arrozak ekimena Altsasun egin nahi dute. Lehen urratsak ematen hasiak dira. Bakarren batek lagundu nahiko balu Mank-eko Immigrazio Zerbitzuarekin harremanetan jarri beharko luke: inmigrazioa@sakana-mank.com edo 648 070 710.