Bigarren eskuko azoka Sakanako kultura arteko zubigintzara bideratuko da

Guaixe 2015ko urr. 9a, 08:40

Igandean, 10:00etatik 14:00etara, bigarren eskuko azoka hartuko du Irurtzungo Foru plazak.

Udazkena bete betean dugula, Itxipuru taldeak bigarren eskuko azoka iragarri du. Ohi denez, arropa, elektratresna, disko, liburu, gailu eta abarren artean mauka ederrak opatzeko aukera izanen dute bisitariek. Itxipurukoek salgai gehienak bat eta bi eurotan jarriko dituzte. Gauza gutxi izanen dira prezio horretatik gora.

Antolatzaileen helburua, alde batetik, objektuei bigarren bizi bat ematea da eta jendearen kontsumitu eta bota jokaeran eragitea, berrerabilpena sustatuz. Baina, bestetik, Itxipurukoek elkartasun proiektuak aurrera ateratzeko dirua ere lortu nahi dute. Oraingo honetan Sakanako Mankomunitatearen Immigrazio Zerbitzuaren Kultura-arteko Bitartekaritza Zerbitzuaren segida bermatzera bideratuko da etzi lortutako diru guztia.

Elkar ulertzeko
Kultura-arteko Bitartekaritza Zerbitzua (KBZ) Sakana guztian eskaintzen den zerbitzua da. Bere egitekoa sakandarren arteko ongi ulertzea sustatzea da. Mank-eko Immigrazio Zerbitzura joz erabil daiteke KBZ (648 070 710 telefonoa edo immigrazioa@sakana-mank.com e-posta, Bego).

Sakandar berriekin zuzenean lan egiten duten hainbat arloetako profesionalen beharrei erantzuten die (ikastetxeak, osasun etxeak, gizarte zerbitzuak, enplegua, aisialdia, kultura…); sakandar berriek eta bertakoen mezuak egoki ulertu direla bermatzea; kultura ezberdineko pertsonen elkartzeak eragin litzakeen arrisku eta gizarte gatazkak saihestea; Magreb-eko, Afrika iparraldeko kultura sakandarrei hurbiltzea (bereziki lehenago aipatu diren zerbitzuei) baita bitartekariaren bidez alderantziz ere; zerbitzuan ari denaren etengabeko prestakuntza; gaur egun Sakanan dauden kulturen gizartearen kohesio eta elkarbizitzaren alde lan egitea; banakotik kolektibora doazen ulermen sareak sortzea eta, azkenik, magrebdarren inguruko aurreiritzi, susmo eta estereotipoekin haustea.

2010 eta 2013 urteen artean Nafarroako Gobernuaren diru-laguntzei esker kudeatu zen Kultura-arteko Bitartekaritza Zerbitzua. 2013an bitartekaririk gabe gelditu zen Sakana. Izan ere, gobernuaren laguntza deialdian jarritako baldintzek asko mugatu zuten bitartekarien profila eta baldintzak beteko luketen pertsonak opatzea asko zaildu zuen. Joan den urteko eta aurtengo bitartekaritza eta itzulpen eskaerak boluntarioen talde bati esker egin dira.

Lan hori ordaindua izan behar duela uste dutelako aurkeztu da proiektu hau bigarren eskuko azokaren bidez sustatzeko. Aurreko urteetako kostua kontuan izanda Immigrazio Zerbitzuak 1.000 euro lortu nahi lituzke. Haietatik 200 dauden boluntarioei prestakuntza ematera bideratuta leudeke. Beste 300 euro garraio gastuetarako lirateke eta azken 500ak boluntarioei euren lana eskertzeko.

70
Kultura-arteko Bitartekaritza Zerbitzuak aurten izandako itzulpen eta bitartekaritza eskaerak. Ibarrera etorritako populazio talde nagusia Afrika iparraldekoa da eta bereziki haiekin lan egin du bitartekaritza zerbitzu horrek.