Itxipuru elkarteak antolatutako bigarren eskuko azoka, elkartasun afari, pintxo-potearekin, material salmenta eta jendeak egindako diru ekarpenak. Horien guztien bidez 2.400 euro pasa jaso dira azken bi asteburuetan Irurtzunen. Oraingoan diru hori Nafarroako suhiltzaileek sustatzen duten Help-Na elkartearendako izanen da. Diru hori errefuxiatuek Europan bizi duten egoera arintzera bideratuko dute.
Hain zuzen ere, errefuxiatuen egoeraren berri ematen duen Just people filma ikusteko aukera izan zen larunbatean Irurtzungo Iratxo elkartean. Ondorengo elkartasun afarian 38 pertsona elkartu ziren. Platera eta platera artean Hernaniko arte aplikatuetako eskolako ikasleen lanak enkantean jarri zituzten.