Errefuxiatuei eskainitako azoka

Itxipuru taldeak 32. aldiz bigarren eskuko azoka antolatu zuen, eguraldiagatik frontoian egin zena. Hala ere, antolatzaileek azaldu dutenez, “oso giro polit eta alaian joan zen goiza, eta jendetza bildu zen”. Betiko filosofiari fidel, taldekideek makina bat objekturi bigarren bizia eman zieten prezio onean salduz. Gainera, ateratako dirua ekimen bat laguntzeko izan zen. Udaberriko azokaren kasuan Nafarroako suhiltzaileek sustatutako Help-Na erakundeak Grezian eta Belgraden dauden errefuxiatuei laguntza ematera bideratuko da lortutakoa. Eta dirua ez zen soilik bigarren eskuko salerosketatik atera: Siriako errefuxiatu bat bertako jakia prestatzen eta saltzen aritu zen. Itxipurukoek, ohi bezala, tabernatxoa jarri zuten. Igandean 1.259 euro eskuratu zituzten, baina larunbateko ekitaldiekin kopurua handitu eginen da.

Azokako sarreran Help-Na-ko boluntarioek Greziako errefuxiatu eremu bat irudikatu zuten kanpin-denda eta hesi batzuen laguntzaz. Bestalde, bisitariek Xabi San Sebastian abeslaria zuzeneko kantaldiarekin gozatzeko aukera izan zuten. Gainera, Hernaniko arte aplikatuetako ikastaroko irakaslea bere arte lanekin eta haren ikasleek egindako arte lan askorekin etorri zen. Sakanako Mankomunitatearen Anitzartean kulturartekotasun zerbitzua (orain artean Immigrazio Zerbitzua) sentsibilizazio kanpaina eraman zuen. Bezperan, Irurtzungo gazteen ekimenez, errefuxiatuen aldeko  kontzentrazio isila egin zen, iragarriak zeuden kontzertuen aurretik. Antolakuntzatik eta Help-NAtik “mundu guztiari eskerrik beroenak”.

Erlazionatuak