Eskola handitzeko lanak despedituta

Guaixe 2019ko mar. 29a, 09:14

Ardubil kaletik sarbidea izanen duen eraikin berriak sei gela berri izan ditu. Etorkizunean eraikinean bigarren solairua egiteko aukera izanen da.

Lanak martxoaren lehen astean despedituta, eraikina garbitzea eta altzariekin janztea faltako da. Hala ere, ikasturte berrira arte ez ditu ikasleak hartuko. Halaxe jakinarazi digu Aitor Larraza Carrera alkateak. Horregatik, udalak udara arte itxarongo du patioan areto futboleko, saskibaloiko eta kolaborazio kiroletako pistak margotzeko. Sarbide nagusian ate berri bat jartzeko lanak ere egin ditu udalak. Lanak egiterakoan ikasleen segurtasuna bermatzeko patioaren zati bat itxi zen. Hori, dagoeneko zabalik dago eta ikasleek eraikin berriaren azpian dagoen estalpea ere erabil dezakete.

Atakondoa eskola publikoko zuzendari Felix Reyk esan digunez, eraikin berriak Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailak hartuko ditu, “sei gela dira”. Gaur egun Irurtzungo eskolak 3 eta 14 urte bitarteko ikasleak hartzen ditu, hau da, Haur Hezkuntzatik Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 2. mailara arte; Irurtzungoak, Arakilgoak, Imozkoak, Ollokoak, Goñikoak eta Itzakoak. Reyk gogorarazi duenez, “duela 15-20 urte dira ikastetxean espazio falta dagoela, bi lerro izatetik hiru lerro izatera pasa ginenean”.

Espazio faltagatik 2010-2011 ikasturtean moduluetan bi gela prestatu zituzten. Eta beste bi hurrengo ikasturtean. Reyk jakinarazi digunez, “Hezkuntza Departamentuan esan digutenez moduluak urte batzuetan egon daitezke. Guk erabilera emanen diegu. Lau gela daude, haietako bi batu eta psikomotrizitate gela eginen dugu, beste batean orientazio gela jarriko dugu”.

Irurtzungo eskola komunitate osoaren aldarrikapen zaharra da ikastetxean 0-3 zikloa eta DBH 3. eta 4. mailak izatea. Ikasleak 16 urtera arte Irurtzunen egoteko. Azken horren ondorioz ikasleek DBH guztia Atakondoan eginen lukete eta horrela koadrilak eta eskualdeko gazteen arteko harremanak sendotuko lirateke. Reyk azaldu digunez, “pedagogia eta akademia ikuspegitik hori da egokiena. DBHko institutua diru-kontuengatik ez zen egin”.

Eraikin berria
Ardubil kaleari paralelo jasotako eraikin berriak 491,45 metro karratu ditu. Espazio horretan, sei gela berri, ikasleendako eta irakasleendako komunak, biltegia, 3 bilera gela eta larrialdietarako eskailera eta ekintza klasifikaturako egokitzapena daude. Eraikin berriak patioan estalpe bat sortzen du eta han komuna publikoa jarri dute. Lanek 914.203 euroko aurrekontua zuten. Eraikinaren gainean bigarren solairu bat egiteko aukera dago.