Eguzki plakak eskola argindarrez hornitzeko

Guaixe 2019ko abe. 16a, 12:05
Irurtzungo ikuspegia igerilekuetatik. Eskuinean frontoia eguzki plakekin.

Gaur egun ikastetxeak duen argindar eskaeraren % 75 beteko du eta 57 tona CO2ren isurketa saihestuko du.

Frontoiko teilatuan, hegoaldera begira, eguzki plakak jarri dituzte. Udalak 60.400 euroko inbertsioa egin du. Dirutza horretatik 33.220 euro Ekonomia Garapenaren Departamentuaren dirulaguntza da, energia eraginkortasuna eta energia berriztagarriak ezartzeko deialdikoa. Azpiegitura hori Atakondoa eskola publikoa, kiroldegia eta frontoia hornitzeko erabiliko da. Gaur egun hiru udal azpiegitura horien energia kostua 22.045 eurokoa da eta udaleko teknikarien kalkuluen arabera azpiegitura berriarekin urteko 14.500 euro aurreztuko dira. Beraz, egindako inbertsioa lau urtetan amortizatuko du udalak. 

Jarritako panel fotovoltaikoak 64.680 kw-ekoak dira eta urtero 80.900 kw energia sortuko du. Ikastetxearen, kiroldegiaren eta frontoiaren gaur egungo energia kontsumoa 110.619 kw-ekoa da. Beraz, eguzki plakek eskolak beharrezko duen argindarraren % 73,13 sortuko du. Horrela CO2 isuriak 72 izatetik 15 izatera pasako dira. 

Aitor Larraza Carrera alkateak gogorarazi duenez, argindar faktura eta negutegi gasen isurketa murrizteko beste neurri batzuk hartu ditu aurretik udalak: LED argiak jartzea kiroldegian, eskolan eta herri-argiterian. Udaletxeko eta kultur etxeko leihoak aldatu ditu udalak, energia eraginkortasun handiagoa lortzeko. Helburu berarekin, eskolako kanpoko hormak zelulosa papera erabiliz estaliko dituzte. Udaletxeari buruzko ikerketa ere egitekoak direla aurreratu du Larrazak, egin beharreko lanak heldu den urterako utziz.