Idaretak Concepcion Arenali buruzko liburua argitaratu du

Guaixe 2020ko urt. 22a, 19:49
Francisco Idareta Goldarazena liburua eskutan duela. Argazkia: NUP.

Irurtzundarrak Concepcion Arenal Espainiako gizarte-lanaren historiako lehen gizarte-langilea dela aldarrikatu du, eta uste du “Gizarte-laneko pertsona garrantzitsuenek betetzen duten leku ohoragarri eta nabarmena izan behar duela”.

Francisco Idareta Goldarazena Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Soziologiako eta Gizarte Laneko Saileko irakasleak Concepción Arenal: reformadora social y moral desde la compasión liburua argitaratu du (Gizarte Lanaren Kontseilu Nagusiak eta Paraninfo Ediciones). Idaretak esan duenez, “Concepcion Arenalek gutxieneko printzipio moralen atalase bat zehaztu zuen, giza eskubideen lehen espainiar aurrekaritzat har daitekeena, eta feminismoaren oinarriak ezarri zituen, emakumeek gizonen eskubide berberak ez zituztela salatuz”. Haren iritziz, “Arenalen lan guztia gizarte-laneko tratatu bat da, bere garaiari oso aurreratuta dagoena eta etikatik abiatuta egituratzen dena”.

Autoreak “errukiaren etika” izenekoan kokatzen du Arenalen lan izugarria, zeren eta lan horren zati handi bat “pertsonen (aberatsak, behartsuak, jakintsuak, ezjakinak eta abar) portaera moralei buruzko hausnarketa kritikoa baita, bai eta emozioak eta errukiaren sentipenak eginbehar moralari eta justizia sozialari ekar diezaiokeenari buruzko hausnarketa ere; izan ere, hori da bere lan osoaren leitmotiva”. Idareta irakasleak azaldu duenez, Arenalek “errealitatea eraldatzeko teoria sortu zuen eta teoria sortzeko eraldatu zuen errealitatea. Filosofo morala eta gizarte-langilea izan zen, teoria eta praktika banaezinak zirela uste baitzuen, eta etika, esku-hartze sozialaren eta gizarte-erreformen egituratzaile zela”.

Testuinguru horretan, Arenalen ekarpena gizarte-laneko pertsonaia handien mailan egon zela aldarrikatzen du, hala nola Mary Ellen Richmonden eta Jane Addamsen ekarpenaren pare. Hain zuzen, lan honetan, lehen aldiz, Concepción Arenal gizarte-langile gisa identifikatzen da, aipatutako figurekin erkatzen da, eta adierazten da Arenalen gizarte-lanaren proposamena haiena baino aurreratuagoa dela etika baitu bizkarrezur; gupida arenaliarraren etika berreraikitzen da, gizartea erreformatzeko proposamena erreforma moral gisa aurkezten da, eta gizarte-lanerako bere hurbilketa azaltzen da.

Bere jaiotzaren 200. urteurrena
Arenal (Ferrol, 1820ko ilbeltzaren 31–Vigo 1893) jaio zeneko 200. urteurrena dela eta argitaratu da liburua, Gizarte Lanaren Kontseilu Nagusiaren babesarekin. Kontseilu horrek emakume unibertsal horren bizitza eta lana sustatu eta ikusarazteko jarduerak egingo ditu 2020. urte osoan. Familia aberats batean jaio zen, eta 12 eta 14 urte bitartean ikasten eta irakurtzen hasi zen. Garai hartako gizarte-arauei jaramonik egin gabe, ez baitzieten uzten emakumeei ikasketekin jarraitzen, Arenalek, segur aski, aitak inspiratua, ikasteko eskubidea eta irizpide-independentzia defendatu zituen. Nazioarteko korronte humanista, liberal aurrerakoi eta kristau erreformista batekin bat egin zuen, eta haren edukiak lehen hitzaldietan sartu nahi izan zituen, nahiz eta garai hartan nagusi ziren teozentrismoa, antiliberalismoa eta integrismo erlijiosoa saiatu ziren Arenal katolizismora berriz ekartzen.

Liburuak lau kapitulu ditu. Hermandad de inteligencia y de corazón da lehen kapituluaren izenburua, eta harreman-sare nazionala eta nazioartekoa aipatzen ditu, baita eragina izan zuten pentsamendu korronteak eta teoriak ere. Bigarren kapituluak Bases para la teoría normativa del bien de Concepción Arenal du izenburua, eta teoria horren oinarriak azaltzen ditu. Hirugarren kapituluak, berriz La teoría normativa del bien”, zehatz-mehatz azaltzen du teoria. Azkenik, laugarren kapituluan, Reforma moral arenaliana y ética del Trabajo Social izenekoan, azaltzen dira gizarte-erreformako proposamenak erreforma moral gisa, eta Arenalek gizarte-lanaren etikari egindako ekarpena.

Horregatik guztiagatik, Idaretak adierazi du Concepción Arenalek gizarte-laneko nazioarteko pertsona garrantzitsuenek betetzen duten leku ohoragarri eta nabarmena hartu behar duela. “Bere ekarpena, gutxienez, Mary Richmond eta Jane Addamsen ekarpenen mailan dago. Hain zuzen, garaikide zuen Octavia Hillen planteamenduen oso gainetik”, nabarmendu du autoreak.