Plazaolak, tren modura lehen, txirrindulari gisa orain, bisitariak erakartzen ditu Irurtzunera. Trenbidea zena bide berdea bilakatu da eta pausoak ematen ari da Andoain eta Iruñea lotzeko (Sarasa arteko bidea egina dago). Gainera, Plazaola bide berdea bi bizikleta sareren zati da. Batetik, Baiona, Donostia eta Iruñea lotuko dituen Ederbidea eta, bestetik, Europa iparraldea eta hegoaldea isuri atlantikotik lotzen duen Eurovelo 1 bizikleta ibilbidea. Hori gutxi ez, eta Sakanako Garapen Agentziak aurreikusia du ibarra zeharkatzen zuen garai bateko Donejakue bidea berreskuratzea.
Hori guztia kontuan izanik, Irurtzungo Udalak egoki jo zuen bestelako bidaiari mota batendako azpiegiturak sortzea eta autokarabanendako gunea egitea. Cederna-Garalurrek 2014-2020 Tokiko Garapen Parte-hartzailearen Estrategiaren dirulaguntzaren laugarren deialdian Irurtzungo Udalaren proiektua onartu du. Aitor Larraza Carrera alkateak azaldu digunez, “8 edo 10 autokarabanendako tokia izanen du, ur beltzak jasotzeko aukera, bizikletak garbitzeko tokia, iturria eta atsedenerako gunea”.
Plazaolako zubiaren bestaldean egonen da autokarabanen gunea.
Irurtzungo beilatokiaren atzean dagoen larrearen goiko aldean, bide berdeari ondo-ondoan dagoen eremuan eginen da autokarabanendako eremua. Lan horrekin garai batean hondakindegia izandako espazio bat ere berreskuratuko da. Autokarabanendako eremuak beilatokiaren eskuin aldean izanen du sarrera. Larrazak ziurtatu digunez, “orain lanekin hastea ez du zentzurik”. Beraz, iraila erdialdean hasiko dira eta otsailerako despedituta egon beharko dute. Lanek 71.779 euroko aurrekontua dute eta Cederna-Garalurrek 46.785,23 euroko dirulaguntza eman dio udalari. Garalurren dirulaguntza horiek Nafarroako Gobernuaren eta Europar Batasunaren landa-garapenerako funtsen finantziazioa dute.
Bitartean, bide berdeko lanak despedituta egon beharko lukete. Zehazki, martxoaren 20rako lanen bukaerako egiaztagiria egina egon behar luke. Baina pandemiak azkeneko lanak atzeratu ditu. Alkateak argitu digunez, "tunelean argindarra jartzea falta da oraindik eta ez dakigu Turismo Departamentuak noiz jarriko duen martxan".
Hiru kontratazio
Irurtzungo Udalak aurtengo aurrekontua onartzerakoan guztira 16 pertsona kontratatuko zituela aurreikusi zuen. Joan zen ostiralean hasi ziren lanean Irurtzungo Udalak zerbitzu anitzetan aritzeko kontratatutako hiru pertsonak. Larrazak jakinarazi digunez, beste bi pertsona kontratatuko dituzte urte akaberara arte. Haien egitekoa orain arte udaleko langileek egiten zituzten parke, hiri-altzari eta bestelakoen garbiketa eta desinfekzio lanak egitea izanen da. Igerilekutarako kontratazioak ere eginen dira.