Pikuxar euskal txokoak bere 17. urteurrena egoera berezian bete du, COVID-19 gaixotasunak eragindako pandemia betean. Orain arte ez da bazkideen ohiko urteurren ospakizuna egiteko modurik izan. Hala ere, Pikuxarreko kideen asmoak gorpuzten ari dira egunez egun eta haien egoitza berria izanen denak dagoeneko teilatuaren egitura ikusgai du.
Aipatu pandemiagatik, zuzendaritzak Pikuxar taberna eta elkartea martxoaren 13an ixtera erabaki zuen. Hiru hilabeteren ondoren asteburuan zabaldu zuen, Trinitateko festak izanen liratekeenarekin batera. Asteburua osasun neurriak arintzeko bigarren fasea zenez oraindik ordutegi murritzarekin zabaldu zuten: ostiral eta larunbat arratsaldez eta igande goizez. Baina astelehenaz hirugarren fasean sartuta, Pikuxarrek ordutegi berria mustu du: astegunetan 09:30etik 14:00etara, ostiraletan eta larunbatetan 18:00etatik 23:00etara eta igandeetan 11:00etatik 15:00etara. Pikuxarreko zuzendaritzak jakinarazi duenez, “ordutegi bereziarekin hasi eta pixkanaka ordutegi hori zabaldu eta bere onera etortzea espero dugu”.