Kaldorra edo galdorra teilatu bateko goiko partea da. Eraikuntzan zegoen etxe bateko teilatua bukatzen zenean, hori ospatzeko, garai batean ohikoa zen galdor-festa edo kaldor-afaria egitea. Hilaren 20an Pikuxar Euskal Txokoa Kultur Elkartearen egoitza berriaren teilatua egiten bukatu zuten. Eta ohiturari helduz elkarteko bazkideek, zaharberritze lanen jabe eta sustatzaileek, musika eta dantzekin girotutako bazkarira gonbidatu zituzten eraikitzaileak. Hala, langileei eskerrak eman zizkieten, eta beraiekin batera, lanetan emandako pauso handia ospatu zuten. Galdor-festaz aparte, ohiturei segituz, egun berean adar bat jarri zen eraikineko tximinietako batean, eraikinaren koroatze errito gisa.
San Martin eta Lizarra kaleen bidegurutzean, Pikuxar Euskal Txokoaren egoitza berria Irurtzun erdian dago. Pikukideak egun duten egoitza alokatuta dute duela 17 urtetik. Baina eraikin zahar bat erostearen eta zaharberritzearen aldeko apustua egin dute, eta, horrela, haren hirigintza-ingurunea hobetu dute. Ehun pertsona baino gehiago hartuko ditu bere kultur jarduera garatzeko eta euskal kultura defendatzeko. Obrak koronavirusak sortutako osasun-alarma egoera baino pixka bat lehenago hasi ziren, eta, ez ohiko udaberri honetan, Irurtzungo bizilagunek beren leihoetatik ikusi ahal izan dute egitura eta teilatua guztiz berritu dituztela, eta udaren hasieran lan horiek despeditu berri dituztela.