Musika tradizionaletik haratago

Erkuden Ruiz Barroso 2020ko aza. 12a, 12:36
Feten Feten folk musika taldea. DAVID PALACIN

Irurtzungo Folk Ametsetan zikloak hiru hamarkada beteko ditu laster. Aurtengo edizioa aurreko astean hasi zen Gontzal Mendibilekin, eta igandean Feten Feten taldearen emanaldia izanen da. Zuzeneko musikaz "beste modu batean" gozatzeko aukera ematen du zikloak

Musika lasai entzuteko lekua eskaintzen du Folk Ametsetan Irurtzungo zikloak. "Normalean antzokietan antzerkiak eta ikuskizunak egiten dira, baina musikaz gozatzeko aukera gutxi egoten da". Horregatik, duela ia 30 urte Baztango, Lekunberriko eta Irurtzungo udalek musika ziklo bat jarri zuten martxan, udazkenean ospatzen zena. "Mankomunitateko Programa dirulaguntza sortu zuten orduan, eta horri esker antolatzen genuen zikloa", azaldu du Patxi Mikeo Irurtzungo kirol eta kultur teknikariak. Arrakasta ikusita San Adriango eta Castejongo udalek bat egin zuten egitasmoarekin. Baina duela hiru urte inguru dirulaguntza desagertu zen, eta gaur egun Baztanek eta Irutzunek baino ez dute Folk Ametsetan zikloa antolatzen: "Beste dirulaguntzei esker aurrera jarraitzen dugu". Aurtengo egoera berezia den arren zikloa antolatzea erabaki dute.

Folk Ametsetan zikloaren helburua, beraz, giro lasai, eroso eta zuzeneko batean musikaz gozatzea da. Horretarako, urtero tradiziozko musikaren abeslari eta musika talde ospetsuak programatzen dituzte; Mikel Markez, Olatz Zugasti, Ane Etxegoien... Aurtengo zikloan goi mailako bi proposamen antolatu dituzte: aurreko igandean Gontzal Mendibil kantautoreak Biok diskoaren emanaldia egin zuen, eta igande honetan, azaroaren 15ean, 19:00etan, Feten Feten Gaztelako talde ezaguna izanen da Irurtzungo kultur etxean. Nafarroako Gobernuaren segurtasun neurriak kontuan hartuz, 50 bat pertsona sar daitezke kultur etxean, beraz, Mikeok behintzat sarrera aurretik erreserbatzea gomendatzen du: "Azken ordukoak gara, baina gerta daiteke igandean bertan sarrerarik ez egotea".

Folk musika berritzen
Maskararen atzean dauden adierazpenak interpretatzen ikasten ari da Jorge Arribas Feten Feten taldeko akordeoilaria. Pandemiagatik kontzertu asko bertan behera gelditu bazaizkie ere, lanean ari dira, eta Baztango eta Irurtzungo Folk Ametsetan zikloan egonen da taldea. Diego Galazek eta Jorge Arribasek sortu zuten taldea, Las Musgaña gaztelako tradizio musikako taldean egon ondoren. Euskal Herrian Oskorri badago, Gaztelan La Musgaña dago: "Guretako talde erreferente bat zen". Gaztelako tradizio abestien bertsioak egiten ditu taldeak, eta Galazek eta Arribazek pauso bat gehiago eman nahi zuten: "Gure abestiak konposatzen hasi ginen, betiere oinarri tradizional batekin". 2011. urtean lehenengo diskoa kaleratu zuten.

Doinu tradizionaletan inspiratzen dira. "Dantza doinuak izaten dira. Nekazariak egun osoan lanean pasa ondoren, plazan biltzen ziren eta dantza egiten zuten eta lanaren zailtasunaz ahaztu egiten ziren. Guk biok hori ezagutu dugu, eta guretako inspirazio bat da". Haien abestiak instrumentalak badira ere, "abestekoak" ematen dutela azaldu du Arribasek. "Tradiziotik edan dugu eta XXI. mendetik pasa". Baina folk oinarria oso argia da.

Irurtzunen kontzertua eskaini aurretik, Madrilen egongo dira. Fito&Fitipaldis taldearen teloneroak izatetik, herrietako kultur etxeetan jotzera. "Guretako oso garrantzitsua da. Distantzia motzak ere gustatzen zaizkigu. Gure proiektua hortik sortu zen, herriko plaza batean jotzeko abestiak dira". Kontzertu hauek ematen duten gertutasuna gustatzen zaie: "Jendearen aurpegietan gozatzen ari direla ikustea". Maskarekin orain gutxiago ikusten dutela esan du, "baina lortzen badugu maskara jarrita dutela ahaztea, merezi du". Konfinamenduaren ondoren hainbat kontzertu eman dituzte, leku askotan, eta "guztietan neurri guztiak bete dira". COVID-19 birusa hartzea "ezinezkoa" dela azaldu du.

Feten Feten taldearen bereizgarririk nabarmenena instrumentuak dira. Bikote bat da eta biolina eta akordeoia instrumentu garrantzitsuenak dira, baina agertokian hamaika gehiago egon daitezke: zerrotea, zanpoina Erdi Aroko instrumentua, zenbait txirula mota desberdin… "Nahiko sorpresa izaten da bi egotea eta bat-batean beste instrumentu batekin hastea. Erritmo eta eragin desberdinak entzun daitezke gure kontzertuetan. Soinu paisaia desberdinak daude". Ikuskizunak eta abestiak asko zaintzen dituztela azaldu du musikariak. "Dena arrazoi batengatik egiten da".