Hasi dira Atakondoako haur jolastokiko lanak

Guaixe 2020ko abe. 9a, 10:54
Atakondoan eginen den jolas-parkearen proiektua.

Parte hartze aurrekontuetan aukeratutako proiektua zen. Aste honetan hasitako lanak ilbeltza akaberan despedituko dituzte.

Irurtzundarrek parte hartze aurrekontuetan zituzten lau aukeren artean Atakondoa eskolako haur-jolastokia hobetzea aukeratu zuten. Ikastetxeko guraso elkarteak proposatutako egitasmoa da aste honetan gauzatzen hasi dena. Aitor Larraza Carrera alkateak azaldu duenez, “espazioak hezten duen ideiatik abiatuta, proiektuak jolastokiko berdegunea itzuli nahi dio ikastetxeari, jada txertatuta dagoen landa-eremuaren berezko balioa baita”.

Lanak Cota proiektuak eginen ditu eta haiengatik 31.974,98 euro jasoko ditu. Joko elementu finkoak Ilundaingo baserri-eskolan eraikiko dituzte 8.947,95 euroren truke. Proiektuaren erredakzioarekin batera, egitasmoak, guztira 43.679,92 euroko aurrekontua du. Udalaren parte-hartze aurrekontuen diru poltsa 35.000 eurokoa zen eta horrekin guztia pagatzeko iristen ez denez, alkateak jakinarazi du ikastetxeko zuzendaritzak eta Guraso Elkarteak diru kopuru bat emateko prest daudela. “Azken batean, lankidetza-proiektu baten aurrean gaude; hezkuntza-esparruko elementuak sartzen ditu, eta inklusioa eta baterako jolasa sustatu nahi ditu, ingurune atsegin batean”.