Abenduan bi bilera egin zituzten Irurtzungo Udaleko eta Herri Lan eta Azpiegituretako Zuzendaritzako ordezkariek. Bilkura haietan Irurtzungo saihesbideko azken zehaztapenak itxi zituzten eta dagoeneko Lurralde Kohesioko Departamentuak saihesbideko behin betiko proiektua egiten ari dira. Aitor Larraza Carrera alkateak aurreikusten du garagartzaro edo garil aldera hasiko direla lanak. Gaztigatu duenez, “urtea despeditzerako bukatuta egon behar du saihesbideak”.
Bestalde, udalak Nafarroako Gobernuarekin harremanetan segitzen du kamineroen orubea eta haren parean dauden etxebizitzen etorkizuna zehaztu asmoz. Etxebizitzaren gaiari lotuta, Lurralde Antolamendurako, Etxebizitzako, Paisaia eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuak Etxebizitza Hutsen Errolda osatzeko helburuz bizilagunik ez duten etxeak atzemateko lanean ari da. 3 eta 20 etxebizitza artean dituzten jabe juridiko eta fisikoei gutunak bidali zitzaizkien abendu akaberan, guztira 884. Irurtzutzen 25 etxe-jabek jaso dute halako gutuna. Idatzi horretan jabeei azaltzen zaie Nafarroako Gobernuak etxebizitzen alokairua sustatzeko bere esku jartzen dituen neurriak eta pizgarriak zein diren. Helburua litzateke jabeek beraien etxebizitza huts horiek Nasuvinsa enpresa publikoaren alokairu-poltsan sartzea.