COVID-19 gaitzari aurre egiteko hartutako neurriek ostalaritzari bereziki eragin diote. Otsailaren 11ra arte indarrean izanen da taberna barruan ez sartzeko agindua, baina terrazak %100ean erabil daitezke. Terraza txikia duten establezimenduek ixtea besterik ez dute eta hori da, hain zuzen, Pikuxar euskal txokoaren kasua. Neurri berriak indarrean sartzearekin batera, ilbeltzaren 23an itxi zituen ateak. Pikuxarrekoek egoitza berria (taberna eta elkartea) egiteko lanak aurreratuta dituzte, baina udaberrira arte gabe gelditu dira. Orduan taberna zabalduko dute. Elkartea noiz hasiko diren erabiltzen pandemiaren garapenak esanen du.
Pikuxarrek 17 urte eta erdi egin ditu San Martin kaleko 15. zenbakian. 2003ko garagarrilaren 7an zabaldu zituen ateak. Larrazpi gazte elkarteko eta Orritz dantza taldeko hainbat gazteren ekimena izan zen. Kultur arloan mugitzen ziren eta Irurtzunen euskal musika entzuteko taberna baten falta sumatu zuten. Elkartzeko toki baten faltan premia ere bazuten. Ideia mamituz joan zen eta garai bateko Mabel taberna zena herriko toponimo batekin izendatu zuten: Pikuxar.
Finantza arloak eragindako ekonomia krisialdiak eragin handia izan zuen aurreko hamarkadaren lehen urteetan. Jendearen aisialdi gehiago ohiturak aldatu ziren, alokairua ordaindu beharra, bazkideak ardura berriak hartu zituzten eta beste hainbat faktorek Pikuxarri eragin zioten. Bazkideen hausnarketa prozesu baten ondoren, 2017rako argi zuten egoitza berria nahi zutela, handik hiru ardatz lantzeko: euskalgintza, kulturgintza eta herrigintza. Horiek tokia izanen dute Lizarra kaleko 3. zenbakian, Pikuberrin.