Autokarabana eta bizikletendako gunea prest

Guaixe 2021ko api. 27a, 10:00

Plazaolako zubiaren ondoan, Irurtzunek han du autokarabanendako eta bizikletak garbitzeko gune berria. Autokarabanak dituzten irurtzundarrek erabiltzeko aukera dute, horretarako udaletxean izena eman beharko dute.

Dagoeneko despeditu dira Sakanako autokarabanendako hirugarren guneko lanak, Irurtzungoak. Uharte Arakilgo eta Etxarri Aranazkoaren ondoren, Irurtzungo Udalak 8 edo 10 autokarabana hartzeko tokia duen gunea prestatu du. Lanak ilbeltzaren 12an hasi zituen Lakita enpresak eta joan den astean despeditu zituen. Lanek 51.000 euroko (BEZ kanpo) aurrekontua zuten, eta udalak Cederna Garalurren 46.785,23 euroko dirulaguntza jaso zuen lanak finantzatzeko. 

Lanak bukatu badira ere, Aitor Larraza Carrera alkateak azaldu duenez, “oraindik ez da mustu. Informazio kartela egitea eta jartzea falta da. Hura jartzean erabilgarri egonen da autokarabana gunea”. Egin berri den espazioak hiru eremu ditu: autokarabanen ur biltegia betetzeko eta ur grisak eta beltzak deskargatzeko gunea, bizikletak garbitzeko mangera duena; autokarabanak aparkatzeko lekua eta egonlekua (mahaiak, paperontziak eta abar). 

Autokarabana dutenek kontrol sisteman banku-txartelaren bidez identifikatu beharko dute sartzerakoan eta ateratzerakoan. Ibilgailua han sartzeagatik bost euro pagatu beharko dira eta horrek  autokarabana bi egunez bertan izateko aukera emanen dio.  

Irurtzundarrendako
Autokarabanak dituzten irurtzundarrei ere zerbitzua emanen die gune berriak. Hara joaten direnek ibilgailuko ur grisak eta beltzak husteko aukera izanen dute, baita ur biltegia urez betetzeko ere. Horretan interesa duten irurtzundarrek maiatzaren 15eko 14:00ak arteko epea dute udaletxean bertan edo udalaren webgunearen bidez eskabidea aurkezteko. Interesa duten pertsonak honako baldintzak bete beharko dituzte: Irurtzunen erroldatuta egotea eta ibilgailuaren zirkulazio zerga Irurtzunen ordainduta izatea. Izena ematen duten irurtzundarrek 15 euro pagatu beharko dute. Udalak kobratzea garagartzaroaren 1ean eginen du.