Autokarabanendako guneko lanak hasi dira

Guaixe 2021ko urt. 26a, 11:30
Autokarabanendako guneko lanak egiteko lehenik lur mugimenduak egin zituzten makinek.

8 edo 10 ibilgailurendako edukiera izanen du eta bizikletak garbitzeko gunea hartuko du ere. Lanak otsaila akaberarako despedituko dituzte.

Hilaren 12an hasi ziren autokarabanendako eta bizikletendako turismo zerbitzuen guneko lanak. Lakita enpresa hartu du lan horiek egiteko ardura eta haiengatik 51.000 euro (BEZ) kanpo jasoko ditu. Lan horiek egiteko Irurtzungo Udalak Cederna-Garalur elkarteak emandako diru-laguntza lortu du, 46.785,23 euro. Garalurren dirulaguntza horiek Nafarroako Gobernuaren eta Europar Batasunaren landa-garapenerako funtsen finantziazioa dute. 

Zerbitzu-eremu horrek hiru espazio izanen. Batetik, autokarabanen ur biltegia betetzeko eta ur grisak eta beltzak deskargatzeko gunea. Txirrindulak garbitzeko mangera bat egonen da. Bestetik, ibilgailu horiek aparkatzeko leku bat: Inguru horretan autokarabanak eta karabanak bakarrik egon daitezke. Han ibilgailuko gurpilen zoruarekin kontaktuan egon beharko dute; ez da onartuko ez hanka egonkortzailerik, ez galtzarik, lurraren maldagatik ez bada. Azkenik, egonlekua egonen da. Karabanek ezin izanen dutenez zabaldu ibilgailuaren perimetroa gainditzen duten berezko elementurik zabaldu, egonleku komun bat prestatuko da erabiltzaile guztiendako, mahaiak, paperontziak eta abar jarrita, espazioa zaindua eta garbi egon dadin.

Sarbideak kontrolatzeko sistema batek ikuskatuko du eremurako sarbidea, eta hasiera batean erabilera kobratzea aurreikusi ez bada ere, banku-txartelaren bidez identifikatu beharko da, bai sarreran, bai irteeran, betiere barreren eta matrikula-irakurgailuaren bidez.

Kokapena 
Plazaolako bide berdeko zubiaren eta beilatokiaren artean egonen da autokarabanak eta karabanak gelditu eta aparkatzeko eremua. Espazio horri Irurtzungo Udalak turismo zerbitzua deitu dio, Plazaolako bide berdearen ondoan dagoelako, eta Plazaolako bide berdearen erabiltzaileei eta Bi Haizpetan eskalada egitera joaten direnei zerbitzua ematera bideratuta dagoelako. Irurtzungo udaleko arduradunen iritziz, “leku bikaina da” natur jardueren abiapuntu gisa: Plazaolako bide berdean bizikletan ibiltzeko eta zailtasun ertaineko mendi eta eskalada ibilbideen abiapuntua ere bada.