Pikuxarrek Iturraskarriko bere bide zatia aztertu zuen

Guaixe 2021ko api. 29a, 18:54
Pikuxarrekoak Iturraskarri ibilbidean geldialdia egiten azalpenak entzuteko. Argazkiak: Utzitakoak.

Irurtzun aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen ondarea berreskuratzeko proiektuaren babesle gisa Arakili bira ematen dion ibilbide zati bat aztertu zuten igandean.

Pikuxar elkarteko hainbat kideek Hiriberri eta Egiarreta arteko ibilbidea egin zuten igandean. Iturraskarri egitasmoaren baitan Arakil ibarra inguratzen duen ibilbideko zati horren babeslea da Irurtzungo elkarte euskaltzalea. Babesle gisa urtean behin ibilbidea bisitatzen dute eta haren egoera aztertzen dute: margo markak ondo ote dauden, zuhaitzen bat bidera erori ote den, lur mugimendurik izan den edo sasiek bidea “jan”ote duten. Halakorik ikusiz gero Irurtzun aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuei jakinarazi behar diete. 

Bete beharreko konpromisoa betetzeko Pikuxarrekoek urtero mendi ibilaldia antolatzen dute. Aurtengoa hirugarrena da. Eta bidea aztertzeaz aparte, inguruari buruzko gauzak ezagutzeko aukera baliatzen dute. Aurten elkarteko kide eta biologo Luis Berazak ibilbidean zehar dagoen meategi bati buruzko azalpenak eman zizkien ibiltariei. Horretaz aparte, beste bi geldialdi egin zituzten gaztainondoei buruzko argibideak entzuteko eta Asiako erlaminak hartzeko tranpei buruzko azalpenak jasotzeko.