Aurtengo erronkak eta estrategia plana jo puntuan

Guaixe 2021ko mai. 31a, 09:05

Sakanako Sozioekonomia Behatokiaren bilera Dinabiden. ARTXIBOA

Ostegunean, 17:00etatik 18:45era, Irurtzungo Dinabiden Sakanako Sozioekonomia Behatokiaren bilera. Parte hartze birtuala ere ahalbidetuko da. 

Sakanako Sozioekonomia Behatokiak (SSB) bere kideak estreinakoz bilduko ditu aurten. Sakanako Mankomunitateak eta Sakanako Garapen Agentziak egin dute bertan parte hartzeko gonbidapena. Bilerak bi helburu nagusi izanen ditu: erronkak eta aurtengo lan plana azaltzea eta hurrengo plan estrategikorako erronkak identifikatzea. Bestalde, bileran izanen da Nafarroako Gobernuko Enpresa politika, Nazioarteko proiekzio eta Lan zuzendari nagusi Izaskun Goñi, foru administrazioaren S3 estrategia eskualdeetara nola egokitu azalduko duena. Bestetik, Mank-eko telekomunikazio eta etxebizitza batzordetako buru Gorka Ovejero Ganboak eta Oihana Olaberria Jakak beraien lan taldeen jardunaren berri emanen dute. 

Mank-eko lehendakari David Oroz Alonsok azaldu duenez, “aurtengoa trantsizio urtea da. Alde batetik 2014-2020 Sakana Estrategia Plana itxiko dugu eta, bestetik, 2021-2027 ziklo berrirako hausnarketari ekinen diogu”. Orozek esan duenez, “erronka handiak ditugu aurrean: demografian, kliman, teknologian… Beraz, Sakana erresilenteago, iraunkorrago, dinamikoago eta oparoago baterantz joateko, funtsezkoa dugu adimen kolektiboa aktibatzea eta etorkizuneko proiektuak eta ekimenak definitzea”. Behatokiko kideak bileran parte hartzea ezinbestekotzat jo du Orozek. 

Behatokiaz
Udaletako eta Sakanako Mankomunitateko ordezkariek, alderdi politikoek, sindikatuek, enpresetako ordezkariek, hezkuntzako eragileek, gizarte zerbitzuek, Nafarroako Enplegu Zerbitzuak eta elkarte sozioekonomikoek osatzen dute behatokia. Eta bere egitekoa da Sakanako sozioekonomikoa garapenaren inguruko hausnarketak egitea, plan estrategikoaren ebaluazioa egitea, ekintza lerroen moldaketa edo berrien proposamena egitea eta instituzioei txostenak eta proposamenak eskaintzea.