Saihesbideko aurrekontua 100.000 euro igo da

Guaixe 2021ko eka. 23a, 10:35

Departamentuko arduraduna, Bernardo Ziriza Perez kontseilaria eta Aitor Larraza Carrera alkatea. ARTXIBOA

Nafarroako Gobernuaren asmoa zen aurten saihesbidea egitea eta heldu den urtean autobiarekin lotura egitea, industrialdeko kamioiek Iruñerrirako irteera zuzena izan dezaten.

Lurralde Kohesioko Departamentuak Irurtzungo Udalari jakinarazi zionez, uda hasieran hasiko lirateke Irurtzungo saihesbideko lanak. Hori hala izateko inolako mugimendurik sumatu ez zuenez, Aitor Larraza Carrera alkateak bilera eskatu zien departamentuko ordezkariei, hilaren 29rako hitzartu zutena. Bitartean Larrazak hedabideen bidez jakin zuen foru administrazioak asteazkeneko bileran erabaki zuela presazkotzat jotzea kaltetutako ondasunak eta eskubideen okupazioa, eta horretara 604.598,09 euro bideratuko dituela. Erabaki horrekin Nafarroako Gobernuak saihesbidea egiteko lanen tramitazioa arindu nahi du. 

Herri Lan eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiak jakinarazi duenez, Irurtzungo saihesbidea egiteko 1.296.363,08 euro bideratuko ditu, azaroan jakinarazi zuena baino 103.830,08 euro handiagoa da oraingo aurrekontua. Hazkunde horretaz galdetuta alkateak ez dakiela azaldu du, desjabetzeengatik izan daitekeela aipatu du. Gobernuko kideekin eginen duen bileran saihesbideaz aparte, Iruñerrirako autobiarako loturaz ere galdetuko die. Hori Izurdiagako saihesbidearen bidez eginen litzateke eta, horrela, industrialdeko kamioiek ez lukete herrigunetik pasa beharko. 

Izan ere, aurreikusitako bi lanek Irurtzun erdiguneko trafikoa arintzea eta bide-segurtasuna hobetzea dute helburu. Herri Lan eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiak 2019an jasotako edukieren datuen arabera 500 ibilgailutik gora ibiltzen dira egunero Asterain eta Irurtzun arteko NA-7010 errepidean, eta N-240-A errepidean egunero 2.675 ibilgailu ibiltzen dira.

Egitasmoaren arabera saihesbidea Lizarra eta Iturtxoko kaleen bidegurutze ondoan eginen den errotondatik abiatuko litzateke. Errepide berria industrialdearen eta etxeen artean eginen dute, eta Aralar eta Akaborro industrialdearen bidegurutzean bukatuko da. 300 metro luze eta 7 metro zabal izanen ditu errepideak, bi errei izanen ditu eta herriaren aldean bi metroko espaloia eginen da.

Erlazionatuak

Saihesbidea eta autobiako irteera lotuta

Alfredo Alvaro Igoa 2020 aza 17 Irurtzun