Astekaria

"Hau zen nire familia"

Erkuden Ruiz Barroso 2021ko uzt. 21a, 14:30
Iurii Sannikov 1990ko hamarkadan Errusiatik etorritako haurra.

Duela 25 urte baino gehiago, zenbait haur errusiarrek lehenengo aldiz ezagutu zuten Sakana. Hamabi urtez etorri ziren. Haietako bat Iurii Sannikov da. 

Iurii Sannikov Txebarkul hirian jaio zen, Errusian, eta 37 urte ditu. Duela bederatzi urte Irurtzunen bizi da, baina herria 1993. urteko Gabonetako oporretan ezagutu zuen lehendabiziko aldiz. Serrano-Casado familia ezagutu zuen, bere Irurtzungo familia, bere familia. Lehendabiziko aldi horren ondoren, hamabi uda jarraian etorri zen Irurtzunera. Familia adoptatzen saiatu zen, baina burokraziarekin arazo asko izan zituzten, eta ezin izan zuten Sannikov adoptatu. Turista eta ikasle gisa etortzen saiatu zen, baina ezin. Azkenean, 2012ko neguan, turista gisa etortzea lortu zuen. "Nire helburua ez zen gelditzea, baina bai". Familia elkarrekin egotea lortu zuten, azkenean. Inma Serrano Irurtzungo arreba da.

1993an etorri zinen lehendabiziko aldiz. Nola?
Urte bereko maiatzean ama hil zen, eta amona ni zaintzeko oso zaharra zen. Gobernuak umezurztegietara eramaten zituen zaintzailerik ez zuten adingabeak. Orduan, bertan nengoela, lau hilabete pasa zirenean, Gabonetako festak ospatzen ari ginen. Dantzan ari ginen, eta ni nekatu edo aspertu nintzen, eta atera nintzen. Korridorean bi monitore zeuden, eta telefonoz deitu zuten. Eskualdeko gobernutik deitu omen zuten, eta esan zieten mutil baten eta neska baten izenak behar zituztela, haurrak Espainiara joateko programa bat zegoelako. Ni beste neska batekin bertan nengoen, eta ez dakit zeruko argia irekiko zen edo zer, baina prozesu guztia mugitzen hasi zen. Bederatzi urte nituen, eta ez nekien Espainia zer zen ere. Oso pozik nengoen. Abenduaren 20an etorri ginen.

Nolakoa izan zen bidaia hura?
Oso bidaia luzea izan zen. Bi eguneko tren bidaia egin genuen Moskura. Ondoren, Moskun, egun bat egon ginen, eta Bartzelonara hegazkina hartu genuen. Bartzelonatik hona iristeko, sei orduko autobus bidaia.

Nolakoa izan zen harrera?
Nik bidaietan oso gaizki pasatzen nuen. Goizeko hiruretan iritsi ginen. Iratxora eraman gintuzten. Hamazazpi eta hemeretzi haur inguru etorri ginen, eta guri itxoiten jende asko zegoen. Baina asko. Haur batzuk ateratzeko gogotan zeuden, eta beste batzuk beldurrez. Hainbeste jende zegoen, eta ez genuen inor ezagutzen, gauez… Elkartera eraman gintuzten, eta mahai handi baten inguruan eseri gintuzten. Bertan familien artean banatzeko itxoin genuen. Pixka bat ganadua banatzea bezalakoa izan zen. Oksana deitutako neska batekin nengoen, eta ikusi nuen nire ama izango zena bere alabarekin, nire arrebarekin. Oksanari esan nion hura nire ama izatea nahi nuela, emakume harekin nahi nuela joan. Ez nekien zergatik, hor zeuden guztien artean, emakume horrekin joan nahi nuen. Haur guztiek esaten zuten honekin edo bestearekin joan nahi zutela. Izenak esaten hasi ziren, eta zein familiarekin joan behar ginen. Iurii Sannikov Serrano-Casado familiarekin doa esan zuten, eta nik esaten nuen emakumea gerturatu zen. Nik flipatu nuen. Haiek hartu ninduten, eta etxera eraman ninduten. Han hasi zen benetako abentura.

"Ikusi nuen nire amai zango zena; ez nekien zergatik, baina emakume horrekin joan nahi nuen"

Nola moldatu zineten hizkuntzarekin?
Etorri aurretik gaztelaniazko ikastaro bat izan genuen. Baina bederatzi urterekin bi orduko ikastaro bat… Oinarrizko hitzekin eta esaldiekin orri bat eman ziguten ere, baina haurrak ginen. Tolestu, eta poltsikoan sartu genuen. Anekdota izan zen etxera iritsi nintzenean ya khochu pit’ eskatzen nuela, edan nahi dut esan nahi duela, baina haiek pis ulertzen zuten. Pixa egin nahi nuela uste zuten. Komunera eramaten ninduten. Eta nik ezetz, eta sukaldera bueltatzen ginen. Sukaldean baietz esan, baina esaldia errepikatzean komunera. Azkenean, Inmak edatearen zeinua egin zuen, eta baietz esan nuen. Esnea eman zidaten. Goizaldea zen, aitak lanera joan behar zuen…

Pixkanaka ikasten joan zinen?
Ni hitz egiten hasten nintzen, baina gaizki hitz egiten nuen. Eta familiak ez zidan zuzentzen. Elkar ulertzen genuen. Aditzekin ditut arazoak gehienbat. Gaztelaniazko ikastaroak eman genituen ere. Ongi pasatzen genuen. Euskara ikasteko interesa eta kuriositatea neukan ere. Marrazki bizidunak euskaraz ikusten nituen, eta asko gustatzen zitzaidan nola entzuten zen euskara. Baina hemengo euskara desberdina iruditzen zitzaidan. Oraindik ikasteko garaiz nago.
INMA: Oso arduratsua izan da beti: ikasle ona, langilea eta beti laguntzeko prest. Amak esaten zion ez zituela gauzak egin behar, eta berak esaten zigun baietz, egin behar zituela.


Iurii Sannikov eta Inma Serrano anai-arrebak. 

Lehenengo, Gabonetan etorri zineten; eta gero, udan. Ezta?
Bai. Lehenengo aldia Gabonetan izan zen, bi aste. Udan, bi hilabete. Udan etortzen jarraitu genuen.

Nolakoa izan zen itzulera Errusiara?
Oso gogorra izan zen. Maitasuna hartu genion elkarri. Bi aste bakarrik izan ziren, baina maitasun handia hartu genion elkarri. Maitasuna eta segurtasuna. Baina hasieratik bagenekien itzuli behar ginela, ez da zure familia oraindik, nolabait esateko. Negar egiten genuen ere. Batzuk ez ziren ondorengo bidaietan itzuli. Zorte txarra izan zuten, gaizki portatu ziren… Hiruk adoptatzeko aukera izan zuten, eta hemen bizi dira. Beste batzuek kontaktua izaten jarraitzen dute, baina ez dute etorri nahi.

"Errusiara itzultzea oso gogorra izan zen; maitasun handia hartu genuen"

I.: Jendeak esaten zigun ea ez zitzaigun oso krudela iruditzen goxoki bat ematea, eta gero, bat-batean, kentzea. Pentsarazi egiten zigun, baina bizipen hura irabazia zuten. Bazekien hemen familia bat zuela. Baina oso gogorra zen. Herri mailan. Herri ia osoa joaten ginen plazara agurtzera.

Zer egiten zenuten hemen?
Oso ongi pasatzen genuen. Lehenengo urtean, Gabonetan, etorri ginenean festa bat antolatu zuten, eta geuk ere kontzertu bat eskaini genuen zinema zaharrean. Bizikletan ibiltzen ginen, udako oporretara hondartzara, La Pinedara, joaten ginen, hemengo igerilekuetara… Han oso mugatuak geunden. Eta kanpoko igerilekuak... aurretik ez genituen ezagutzen!

Errusiako lagunekin hitz egiten zenutenean, zer esaten zenuten?
Komentatu genuen lehenengo gauza izan zen: nolakoak dira zure gurasoak? Nolakoa da zure familia? Batzuek erloju handiak zeuzkaten, lepokoak… oso materialistak ziren. Beste batzuk esaten zuten oso zorrotzak zirela. Nik ez nituen gauzak behar; nik maitasuna behar nuen. Hona etortzen ginen ezagutzen ez genuen familia batengana, eta eskertuta egon behar ginela iruditzen zitzaidan. Beraiendako egon behar ginen, eta ez alderantziz.
I.: Guretako, gure anaia da.

"Ezagutzen ez genuen familia batengana etortzen ginen; eskertuta egon behar ginen"

Zergatik erabaki zenuten hartzea?
I.: Gehienbat nire gauza izan zen. Jakin nuen bazegoela elkarte bat Errusiako haurrak ekarri nahi zituena, eta beti hiru anaia eta ni izan gara. Nik esaten nion amari ahizpa bat hartu nahi nuela, elkartasunagatik eta laguntzeagatik. Joan ginenean, esan ziguten mutiko bat izan behar zuela, etxeko haur txikiaren parekoa izan behar zuelako, eta aurrera egin genuen. Gauza zen laguntzea, norbait hartzea. Gurasoek ekonomikoki ahal zuten, eta emozionalki ere on bat egin nahi zuten. Istorio horretan sartu ginen. Etxean oso pozik egon ginen. Berritasuna izan zen ere. Hasieran, pixka bat zaila izan zen elkarbizitza. Gure anaia txikiena jeloskor zegoen, pixka bat. Baina, oro har, oso esperientzia onuragarria izan zen. Zentzu guztietan agundu zigun. Hurrengo urtean, gure anaia bat hil zen. Urte hartan ez zen etorri gure gurasoak ez zeudelako indarrarekin, baina hurrengoan, bai. Egoera normalizatzen joan ginen. Ez zen justua gure egoeragatik bera ezin etortzea, eta, nik uste, amari asko lagundu ziola aurrera egiten. Azkenean, 30 urterekin etorri zen, eta gure aita alzheimerrak jota zegoen. Gelditzea erabaki zuen, gelditu nahi izan zuelako, baita etxean behar handi bat ikusi zuelako ere. Gure gurasoak zaindu ditu bederatzi urtez, eta, berari esker, aita oso ongi zaindua egon da. Guretako, familiako aingeru zaindaria da. Proiektu oso polita izan zen, eta gauza on asko ekarri zituen. Pena izan zen desagertzea.

Zergatik Errusiako haurrak?
Guri esan ziguten, Espainiako gerra izan zenean, haur asko Uraletara eraman zituztela bertako umezurztegietara errefuxiatuta. Gainera, bazegoen gizon bat elkarte bat sortu zuena haurrak laguntzeko.
I.: Jendeak galdetzen zigun ea Txernobilekoak ziren, eta ez. Haiek Irurtzunera ere, Uharte Arakilera, Lizarrara eta Iruñera, besteak beste, etorri ziren.

Hemen uda pasatzeak han egoteko indarra ematen zizuen?
Iristen ginenean, haur askok inbidia handia izaten zuten, hemendik gauzak eramaten genituelako. Nik eramaten nuen guztia banatzeko zen. Amak 100 pezeta (0,60 euro) ematen zizkidan igerilekuetara joateko eta bertan gozokiak erosteko. Nik ez nuen ezer erosten eta dirua gordetzen nuen, itzuli aurretik gozokiak erosteko eta haurren artean banatzeko. Baina banatu aurretik lapurtzen zizkidaten. Esaten nien beraiendako zela, guztien artean elkarbanatzeko.

"Amak beti esaten zidan etortzeko ikasi behar nuela, eta ikasten jarraitzen nuen"

I.: Gure nahia ez zen gauzaz betetzea. Oinarrizkoena ematen genion. Gauzak bidaltzen genizkion: arropa, txanoak eta abar. Lehenengo aldian etorri zenean, arimara iritsi zitzaidan eskuz egindako pelutxeak ekarri zizkigula. Oraindik nire haurrek dituzte. Haurrek egindako eskulanak ekarri zituen ere, hemen familiek haur horiek ekartzeko. Argazkiak ekarri zituen, eta esaten zigun neskato horrek edo besteak etorri nahi zuela. Oso gogorra iruditu zitzaidan.

Etorri ez bazina, nolakoa izanen zen zure bizitza?
Askotan pentsatu dut horretan. Aukera oso handia izan zen. Hemen nola bizi zen ikusteko aukera izan nuen, zer egin behar nuen bizitza on bat izateko. Errusian umezurztegietako haurrak mundura ateratzen direnean, galduta ateratzen dira: ez dakite zer egin, nora joan… Ikasteko aukera dute. Unibertsitate ikasketak edo lanbide heziketa egiteko aukera dute, baina askok ez dute aukera hori hartzen. Botila hartzea erabakitzen dute. Nirekin egondako asko alkoholikoak dira, kartzelan daude edo hil dira. Oso zaila da. Pena handia ematen dit. Umezurztegian ongi bizi ginen, eta nik ikusi nuen ahal zela beste bizitza bat izan. Amak beti esaten zidan hona etortzeko ikasi egin behar nuela, eta, hitz haiei esker, ikasten jarraitzen nuen. Bestela ez zidaten itzultzen utziko. Ikasketak bukatu nituen, eta ez zidaten etortzen uzten. Ikasten jarraitu nuen: unibertsitatera joan nintzen, ingeniaritza ikasi nuen. Baina hemen ez didate konbalidatzen. Asko lagundu zidan.

Nolakoa zen umezurztegiko bizitza?
Zortea izan nuen nirearekin. Nire hiriko umezurtz etxea zen. Hura egokitu zitzaidan. Oso ona zen, eta hezitzaileak ere oso onak ziren. Ez ziguten maitasunik ematen, baina ez ziren hotzak edo zorrotzak. 53 haur geunden, hiru taldetan banatuta. Talde bakoitza familia deitzen zen. Familiak ginen: anai-arrebak. Gure familiagatik borrokatu behar genuen. Baratzea geneukan, eta guztiok laguntzen genuen. Bertako bizitzan moldatzeko oinarrizkoena irakatsi ziguten. Guztirako prestatzen gintuzten, umezurztegitik ateratzen ginenerako.

Gehienbat maitasuna behar zenuten, ezta?
Nik beti esaten nuen hau zela nire familia. Nire amaren eta amonaren ondoren, hau zen nire familia. Ama, aita, anaiak eta arreba. Ama eta aita deitzen nien. Elkarri idazten genion. Gutunak idazten genituen! Hilabete bat pasa behar zen gutuna jasotzeko.
I.: Gutunak errusieratik itzuli behar zizkiguten. Oso pozik jasotzen genituen, baina itzuli behar genituen. Horri esker, Estrella ezagutu genuen, Iruñeko emakume bat. Hark itzultzen zizkigun. Paketeak bidaltzen genituen… Odisea bat zen.

Nola aldatu da Irurtzun?
Asko aldatu da. Lehen, herria txikiagoa zen, eta orain pisu gehiago egin dituzte. Nire adineko haurrak zirenak orain helduak dira, eta batzuk ez ditut ezagutzen. Hitz egiten hasi, eta orduan bai. Ni beti laguntzen saiatzen naiz. Festak bizitzea gustatzen zait.
I.: Herrian gehienek ezagutzen dute; berataz gogoratzen dira. Herrian parte hartzen du.

Adoptatzen saiatu zineten, baina ezin.
I.: Asko mugitu ginen; itxaropen hori izan genuen beti. Arrazoi batengatik edo besteagatik ezin izan genuen. Kointzidentzia batzuk izan ziren. Hemen matrikulatu genuen, ikastera etorri ahal izateko; lan kontratu bat lortu genuen, lanera etortzeko… baina ez zegoen modurik. Eta ez ziguten arrazoia ematen. Behin soldaduska eginda, errazagoa izan zen. Ez dakit non zegoen arazoa: bertako burokrazia, hemengoa, edo biak batera. Kontaktua izaten jarraitu genuen.

Eta sorpresaz agertu zinen?
Nik esan nuen: turista gisa joaten saiatuko naiz, azkeneko aldiz. Ematen badidate, ongi; ematen ez badidate, lasaituko naiz, dagoeneko ez dakidalako nola gehiago saiatu. Bisatua atera genuen, eta Inmari deitu nion galdetzeko ea etor nintekeen. Agian ezin nuen. La Pinedako hotel batean geldituko nintzen eta listo. Deitu nion, eta esan nion ez esateko oraindik inori, artean ez nekielako etortzeko aukera izango nuen. Berak oihukatu zuen: “Ama, etor daiteke?!”. Pikutara joan zen sorpresa.
I.: Miraria izan zen. Ni erditu berri nengoen, eta aita dagoeneko gaixo zegoen: etxeko egoera ez zen hoberena. Pena izan zen aita ez zelako kontziente hemen zegoela. Modu berezi batean begiratzen zuen, eta egiten uzten zion. Beste batzuekin ez bezala. Berarekin, bai. Ez dakit zer nabaritzen zuen, baina uzten zion. Esan zigunean geratu nahi zuela, azaldu genion zein zen etxeko egoera. Erantzun zigun berak zaindu nahi zituela. Esan genion oso gogorra zela, eta injustua iruditzen zitzaigun horrekin kargatzea. Baina nahi zuen. Gizarte zerbitzuetan egoera zein izango zen azaldu ziguten, eta hiru urtez paperik gabe egon behar zela, baina posiblea zela. Amak zerbait ordaintzen zion etxeko lan guztiak egiten zituelako. Nire amarendako, etxean seme bat izatea izan zen. Maila guztietan laguntza handia izan da. Bera gabe ez ziren posible izango urte luze hauek.

Erlazionatuak

Errusiatik Sakanara

Guaixe 2021 eka 22 Sakana

Haur errusiarrei agur

Guaixe 2020 urt 13 Sakana