Lurralde Kohesiorako Departamentuak, Herri Lan eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiaren bitartez, 1.296.363,08 euroko (BEZ barne) lizitazioa atera du Irurtzungo saihesbidea egiteko. Lanak kalitate-prezio erlazio hobea egiten duen enpresari emanen dizkio gobernuak. Haiek egiten interesa duten enpresek agorrilaren 17ra arte aurkeztu ditzakete proposamenak Nafarroako lizitazio elektronikoaren plataforman. Enpresa esleipendunak 9 hilabete izanen ditu obrak egiteko.
Aurreikusitakoaren arabera, Lizarra kalearen ezkerraldetik abiatuko da saihesbidea, Irurtzungo Asterain errepidearen sarreraren inguruan hasiko dena eta Akaborro industrialdea zeharkatzen duen NA-2410 errepidean bukatuko dena. Bi konexioak biribilgune bana eraikiz eginen dira. Bideak 300 metro inguruko luzera izanen du, 7 metroko galtzada, bi erreirekin, noranzko bakoitzeko bana, eta 2 metroko espaloia herrigunearen ondoko aldean.
Irurtzungo hiri-zeharbideak trafiko-dentsitate handia du, A-15 eta A-10 autobien bidegurutzean kokagune estrategikoa baitu, Nafarroa Gipuzkoarekin eta Arabarekin lotzeko. Ibilgailu astun asko industrialdetik eta harrobien eremutik datoz, Asteraingo errepidean barrena, eta udalerriaren erdialdean bat egiten dute Iruñea-Gasteiz N-240-A errepidearekin. Herri Lan eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiak 2019ko edukierari buruz bildutako datuen arabera, 500 ibilgailu baino gehiago ibiltzen dira egunean Asteraindik Irurtzunera doan errepidean, NA-7010 errepidean, eta 2.675 ibilgailu igarotzen dira egunero N-240-A errepidetik.