Lurralde Kohesiorako Departamentuak, Herri lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiaren bitartez, 1.124.594,98 eurotan eman ditu Irurtzungo saihesbide berriaren obrak. Azaroan hasiko diren lanak, Construcciones Boreste SA enpresak eginen ditu. Horretarako 9 hilabete izanen ditu. Irurtzun sarreran, Asterainerako errepidean, Lizarra kalearen ezkerraldean saihesbide bat egitean datza lana. Industrialdea zeharkatzen duen NA-2410 errepidean bukatuko da saihesbidea.
Bideak 300 metroko luzera izanen du, gutxi gorabehera, eta 7 metroko galtzada izango du, bi erreirekin, noranzko bakoitzeko bat; horretaz aparte, 2 metroko espaloia izango du herriaren ondoko aldean. Bi konexioak egiteko, biribilgune bana eraikiko da.
Irurtzungo zeharbideak zirkulazio dentsitate handia du, A-15 eta A-10 autobien bidegurutzean kokagune estrategikoa duelako, Nafarroa Gipuzkoarekin eta Arabarekin lotzeko. Ibilgailu astunen kopuru handi bat industrialdetik eta Asteraingo errepidearen bidez egindako harrobien eremutik dator, eta hirigunean N-240-A errepidearekin bat egiten dute. Herri lan eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiak jasotako 2020ko edukiera datuen arabera, 1.400 ibilgailu baino gehiago ibiltzen dira egunero Asterainetik Irurtzunera doan errepidean, NA-7010 errepidean, eta 2.331 ibilgailu igarotzen dira egunero N-240-A errepidetik.