Pentsioen sistema publikoa bermatzea exijitu dute

Guaixe 2022ko ots. 21a, 09:01
Pentsio duinak aldarrikatzen Irurtzunen. Gaur, 12:00etan, Altsasuko Zumalakarregi plazan dago bilkura. SASOIA

Pentsiodunen eros ahalmena bermatzea eta pentsioak KPI erreala igotzea eskatu dute, gutxieneko pentsioa 1.080 eurokoa izatea eta pentsio eta lan erreformak bertan behera uztea.

Pentsio plan pribatuei atea ireki gabe, pentsio sistema publikoa bermatzea eskatu zuten 60 bat pertsonek Irurtzunen hilaren 12an. Estatuan barna ere makina bat mobilizazio deitu zituzten. Izan ere, pentsio sistemaren erreformaren bigarren atalean “plan pribatuek arautuko dituzte, nahiz eta, pentsioen sistema publikoa sendoa eta bideragarria dela onartu. Pentsio publikoak eskubide bat dira, ez negozio pribatu bat”. Horrekin batera, salatu zutenez, “prekaritateak emakume aurpegia du, gutxieneko osagarriak dituzten pentsiodunen bi heren emakumeak dira”.

Bildutakoek, bestalde, urte batetik bestera pentsioen balio handitzean gobernuak egindako “tranpa” salatu zuten: “erreferentzia gisa urteko Kontsumo Prezio Indizearen (KPI) bataz bestekoa ezartzen du. Hori %5,25ekoa izan da, baina KPI erreala %5,5ekoa izan da. Beraz, pentsiodunek %3ko erosteko ahalmena galdu dute. Horregatik, 2022rako eta hurrengo urteetarako pentsioak KPI errealarekin eguneratzea exijitu zuten, baita aurtengo eros ahalmenaren galera konpentsatzea ere. 

Horrekin batera, Irurtzungo plazan elkartu zirenek eskatu zuten bermatzeko pobrezia atalasetik beherako pentsiorik ez egotea. Horretarako, soldatetan eta pentsioetan dagoen genero arrakala ezabatu eta gutxieneko pentsioa handitzea eskatu zuten, azken hori Lanbide arteko Gutxieneko Soldatarekin parekatzea eskatu zuten, eta bataz besteko soldataren %60 izatea, Europako Gutun Sozialak gomendatzen duen bezala. Hau da, gutxieneko pentsioa 1.080 eurokoa izatea. 

Pentsio Publiko duinak eta nahikoak eta pentsio sistemaren izaera publikoa bermatzeko
2011, 2013 eta 2021eko erreformen murrizketak indargabetzea eta sistemaren pribatizazio osoa edo partziala baztertzea exijitu zuten. Eta, azkenik, adierazi zutenez, “2010ko eta 2012ko lan erreformen alderdi kaltegarrienak bere horretan uzten dituen lan erreformaren onarpenak areagotu besterik ez du egiten pentsiodunak eta langileak elkartu eta kaleratzearen beharra”.