Pikuxarrek 'Egunkaria, gizarte zibilaren arrakasta' liburuaren aurkezpena hartu du

Guaixe 2022ko mar. 18a, 12:25

Euskal prentsaren mugarri bati buruzko hitzaldiak irurtzundarren interesa piztu zuen. PIKUXAR

Joanmari Larrartek aurkeztu zuen Berria egunkariak, Elkar argitaletxeak eta Jakin aldizkariak elkarrekin argitaratu dute, Joan Mari Torraldaik idatzitako liburua.

Euskaldunon Egunkaria 1990ean sortu zen, herri ekimenari esker, eta 2003an itxi zuten, Espainiako Auzitegi Nazionalaren aginduz. Euskal Herrian askotan gertatu izan den bezala, Egunkaria-ren sorrera ere oso gatazkatsua izan zen, gizartetik eratutako Egunkaria Sortzen taldearen eta garai hartako Eusko Jaurlaritzaren artean. Akabera, berriz, guztiz bortitza: Guardia Civilak itxi zuen, eta bertako hainbat arduradun atxilotu, torturatu eta kartzelara bidali zituzten.

Joan Mari Torrealdaik lehen pertsonan bizi izan zuen prozesu osoa. Sorreratik hartu zuen parte Egunkaria Sortzen-en, hasieratik izan zen Administrazio Kontseiluko kide (bertako lehendakari ere bai azken urteetan), eta atxilotutakoen artean zegoen. Egunkaria, gizarte zibilaren arrakasta liburuan (2021, Berria, Elkar, Jakin), hori dena kontatzen du, sorreratik itxierara eta ondorengo epaiketara arteko ibilbidea. Bere bizipenetik abiatutako kontaketa da, gogoeta pertsonalekin osatu eta aberastua. Torrealdaik, tamalez, 2020ko garilean hil zen, liburua despeditu gabe, eta Larrartek bukatu zuen. Horregatik bera izanen zen Irurtzunen atzo liburua aurkeztu zuena.

Larrarterekin batera liburuaren aurkezpenean Euskaldunon Egunkariaren sorreran Irurtzunen eratu zen batzordeko kide Blanca Ilundain izan zen. Sortu berria zen Aizpea euskara taldeko kideek Euskaldunon Egunkariaren inguruko guztia nola bizi zuten eta zein bizipen izan zituzten azaldu zuen. Esaterako, Aizpeak Egunkariaren ale bat erosten zuela eta hura eskolan jasotzen zela, itxiera izan zenean nola muntatu zuten autobusa eta beste.