Estalpeko lanak despedituta

Guaixe 2022ko uzt. 20a, 08:43

Barazki gune berritua gaur hasiko diren festetan mustuko dute irurtzundarrek.

Alde batetik, Maldadia eraikuntza enpresako langileak aldamioak kentzen. Eta, bestetik, festetan Barazki Gunea kudeatuko duten gazteetako batzuk hura egokitzeko lanean. Horrela zegoen atzo goizean Barazki Gune berritua. Izan ere, Irurtzungo Udalak han estalpea jarri du. Festekin mustuko dute espazio berritua. Eta haren zorua ospakizun egunetan zikintzeak “pena” ematen ziela aipatu du Aitor Larraza Carrera alkateak, horregatik, zorua babesteko plastikoa jarri dute. Estalpearen eraikuntza lanak apirilaren 4an hasi ziren eta atzo despeditu zituzten. Estalpeak 276.500 euroko aurrekontua izan du, udalaren diruzaintzako gerakinarekin finantzatu dena. 

Barazki Gunea San Martin kalean kokatuta dago. Eta kale horren zati handi bat, kasik Lizarra kaleko bidegurutzetik gorantz, konpondu zuten duela hiru aste. Zegoen asfaltoa kendu, berria jarri eta haren gainean zegokion seinaleztapena margotu zuten.