Areto futbola

Ion Cerviño, Brasilen

Guaixe 2022ko uzt. 20a, 10:30
Ion Cerviño, Kroaziako Futsal Week trofeoarekin. UTZITAKOA

Astelehenean Brasilgo bidea hartu zuen jokalari irurtzundarrak, 19 urtez azpiko Espainiako selekzioarekin lagunarteko partidak jokatzeko

Ion Cerviño irurtzundarrak atseden gutxi hartzeko aukera izan du. Ekainaren bukaeran Espainiako 19 urtez azpiko selekzioarekin Kroaziako Futsal Week txapelketan parte hartu zuen eta lan bikaina egin zuen Osasuna Magna Xotako atzelariak, Japoniaren kontra jokatutako finalean, esaterako, azken gola sartu zuelako. 6 eta 2 irabazita, Futsal Week txapelketa irabazi eta bueltan merezitako oporrak hartu zituen irurtzundarrak. 

Baina atseden hartzeko tarte gutxi izan du Cerviñok, astelehenean Espainiako 19 urtez azpiko selekzioarekin bildu baitzen Las Rozasen, Brasilgo bidea hartzeko. Espainiako selekzioak lagunarteko partidak jokatuko ditu bertan, irailean Jaenen jokatuko den 19 urtez azpiko Europako Areto Futbol Txapelketa prestatzeko.