Saihesbideko lanak geldirik

Guaixe 2022ko aza. 8a, 09:03

Lizarra kalean errotonda egiteko lanak. Ezkerretan saihesbidea. ARTXIBOA

Eraikuntza enpresa esku aldatu da eta lanak gelditu dira. Nafarroako Gobernuak bere gain hartuko ditu egiteko falta diren lanak.  

Irurtzundarren aspaldiko eskaera bat gauzatzen ikusi zuten martxoaren 7an: Construcciones Boreste SA eraikuntza enpresako langileak hain desiratua den saihesbidea egiteko lanak egiten hasi ziren. Lanak lastailerako despeditzea aurreikusten zen. Baina jabeak enpresa saldu egin du eta zuzendaritza berriak langileak kaleratu ditu, eta lanak gelditu dira. ″Eskerrak lanen akaberan gertatu dela″, esan du Aitor Larraza Carrera alkateak. Argitu duenez, ″enpresa ez da Nafarroako Gobernuarekin harremanetan jarri. Horregatik, foru administrazioak lanak emateko kontratua hutsaldu edo baliogabetuko du″. Larrazak argitu duenez, ″falta diren lanak Nafarroako Gobernuak errepide mantentze zerbitzuaren bidez eginen ditu″. Alkateak gaztigatu duenez, oinezkoendako arriskua duten tokiak daude″. Aurreratu du ere gobernuarekin egoera aztertzeko bilduko dela. 

Aldarrikapena
Aralar eta Lizarra kaleen artean 300 metro luze eta zazpi metro zabal dituen errepidea da Irurtzungo saihesbidea, industrialdearen gainean egin dena. Herriaren aldeko galtzadaren zatian oinezkoendako bi metro zabaleko espaloia egin da luzera guztian. Saihesbidearen bi muturretan errotonda banak bideratuko dute trafikoa bidegurutzeetan. Saihesbidearen aurrekontua 1.124.594,98 eurokoa da. Lanak despedituta, Irurtzun erditik pasatzeari utziko diote makina bat autok eta kamioik. 

Irurtzundarren beste eskaera historikoa da A-15 autopistara sartzeko adar bat egitea Iruñerako noranzkoan. Lan horiek heldu den urtean eginen dira. Izurdiagako San Joan auzotik saihesbideak gora egiten du trenbide gainetik pasatzeko. Aldapa bukatzen den lekuan, Txokoton, Arraizagako bidea hartzeko irteera bat du saihesbideak, han eginen dute biribilgunea. Handik ekialderantz, autopistarantz doan errepide berri bat aterako da. Autopistarekin bat egin arte 915 bat metroko luzera izanen du.