Felix Urra Mariñelarena Mus Sariak baditu lehen finalistak

Guaixe 2023ko urt. 26a, 11:30

Mus txapelketako lehen bikote finalistak kanporaketan elkarren kontra jokatu zuten. UTZITAKOA

Lehenengo kanporaketa ilbeltzaren 21ean jokatu zen Pikuxarren eta bigarrena ilbeltzaren 28an jokatuko da Iratxo elkartean. Muslariaren omenezko txapelketaren finala otsailaren 11n izanen da.

Euskal Herriko Mus Txapelketak bi kanporaketa eta bi egoitza ditu Irurtzunen. Biak ere Irurtzungo Felix Urra Mariñelarena Mus Sariketarako baliagarriak dira aldi berean. Aurreneko kanporaketa Pikuxar euskal txokoak hartu zuen aurreko larunbatean. Hamar bikote neurtu ziren kartekin zein baino zein abilago izateko. Kanporaketa jokatuta, Maestre anaiak eta Patrizia Balda-Amaia Maiduit bikoteak sailkatu dira Felix Urra Mariñelarena Mus Sariketarako finalerako. Beste bi finalistak zein diren ilbeltzaren 28an, larunbata, jakinen da, Iratxo elkartean jokatuko den kanporaketaren ondoren. Final handia otsailaren 11n, 18:30ean, jokatuko da Pikuxar euskal txokoan.