Saihesbidean barna Akaborro industrialderantz paseatzen zihoan Jon Cordon asteartean. Egindako lana “oso ongi” dagoela esan zuen, “herritik ez dira hainbeste auto pasatzen, zeren oraindik pasatzen dira batzuk”, esan du herrigunera joaten zen auto bat seinalatuz. Etxea herri erdian du, “eta asko nabaritzen dut”. Hala ere, Cordonek gogorarazi zuen oraindik Izurdiagatik autobiarekin lotura egiteko dagoela, “orduan bai, ongi”.
Lizarra kalean behera, illeba silletan zeramala, Mari Jose Azkonak esan zuen saihesbidea zabaltzea berarendako “primerako” berria dela, “Larraundik etortzen naiz. Saihesbidea hartu eta zuzen sartzen naiz alabaren etxera. Aldea nabari da herri barruan buelta ematea edo saihesbidetik joatea. Niretako askoz hobe da”. Gaineratu zuenez, illebarekin ere handik paseatzen du, “ibilbidea pixka bat luzatu da. Gainera, toki ona da”.
Behin saihesbidearen lehen fasea eginda, Aitor Carrera Larraza alkateak azaldu duenez, udalak emanen duen hurrengo pausoa zehaztua du: Nafarroako Gobernuari NA-7010 errepideko, hau da, Lizarra kaleko zeharbidearen jabetza eskatzea. Zeharbide horrek 0,51 km-ko luzera du. Oraindik ere industrialdeko kamioiak pasatzen direla ikusita, etorkizunean pasa hori mugatzeko asmoa ere badu udalak. Baina horiek eta hartu daitezkeen bestelako neurriak mugikortasun planaren bidez zehaztuko dituzte. Udalak ahalik eta irurtzundar gehienen iritziak jasotzeko parte hartze prozesua eginen du.