Manolo Moreno

"Boluntario gazte asko hurbildu zaizkigu"

Maider Betelu Ganboa 2023ko api. 28a, 13:00

Manolo Moreno, eskuinean, Alex Txikonekin Sakanako Ibilaldiko kartela eusten. IRATXO

Sakanako Ibilaldian 1.340 mendizalek eman dute izena. Irurtzungo Iratxo elkartera 150 boluntario baino gehiago hurbildu dira laguntza ematera

 

Apirilak 29, larunbata, goizean goiz Irurtzunen abiatuko den 32. Sakanako Ibilaldia-III. Ochoa de Olza Memorialeko azken prestaketetan murgilduta daude Irurtzungo Iratxo elkarteko kideak eta boluntarioak, Iratxoko mendi ataleko arduradun Manolo Moreno buru dela. 

Oso arrakastatsua izango omen da aurtengo edizioa.
Bai. Hasieran zalantzak izan genituen, izen ematea oso mantso zihoalako. Apirilaren 20an, osteguna, 671 mendizale zeuden izena emanda, eta larritzen hasi ginen. Ez zen mugimendu handirik ikusten. Porra eta guzti egin genuen, pentsa. Nik 950 partaide izango zirela jarri nuen porran. Apirilaren 23an, igandea, saltoa eman zen, 893 partaide, apirilaren 24an milakoa gainditu genuen (1.111) eta asteartean, apirilak 25, izena emateko azken egunean, 1.329 zenbatu nituen. Izena online ematerakoan askotan ez da prozesua behar bezala bukatzen, eta datu horiek errepasatu ondoren –oraindik ere aldaketak egon daitezke–, aurten 1.340 mendizalek eman dutela izena ziurtatu dezakegu: 444k Ibilaldi Luzean, 656k Ibilaldi Laburrean, eta 240k Ibilaldi Txikian. Porra alde handiz galdu dut (kar, kar).

Horrenbeste jenderako hornidura prestatzea ez da txantxa izango.
Aste honetan aritu gara fruta eskatzen: 190 kilo platano, 160 kilo laranja, 60 kilo tomate... zenbaki potoloak dira. Aurten urte berezia da, Sakanako Ibilaldia aldi berean III. Ochoa de Olza Memoriala delako, eta SOS Himalaya Fundaziotik elikagai asko lortu dituzte dohainik: galleta txokolatedunak, fuet, patata tortillak, txorizoak 80 kilo eta txistorra 100 kilo... Horretaz gain, fruitu lehorrak, txokolatea, pastak, freskagarriak... denetarik eskaintzen dugu.

Salda ere badago, mendizaleek asko eskertzen dutena.
Bai, hotza egiten badu, gehiago. Uharte Arakilgo eta Madozko hornidura guneetan eskaintzen dugu salda. Aralar santutegiko aterpean kafea jartzen dugu eta gazta eta txorizo pintxoak. 

Zenbat boluntariok lan egingo dute Sakanako ibilaldian?
Aurreko lanak eta larunbatekoa kontutan hartuta, 150-160 inguruk, boluntario asko. Gauza harrigarria gertatu da aurten: jendeari ez dugula laguntza gehiagorik behar esaten aritu gara. Aurten jendea soberan dugu. Azken egun hauetan jende asko ibili da bideak garbitzen, ibilbidea markatzen... horietako askok Sakanako Ibilaldia egingo dute. Egunean bertan 90-100 pertsona inguru ibiliko gara lanean. 

Zergatik gorakada hau? Jende gaztea erakarri al duzue?
Orain arte Sakanako Ibilaldian antolaketan ibiltzen ginenak, hau da, ilbeltzetik lanean hasten ginenak, dozena erdi bat ginen, guztiak jubilatuak. Horregatik, joan zen urtean, 2022an, laguntza eskatu genuen. Iaz bizpahiru gazte hasi ziren eta aurten dozena erdi bat hasi dira. Eta pentsatzen dugu gazte horiek izan direla guztia mugitu dutenak. Sare Sozialetan ere bi gazte aritu dira Doris Vicenterekin batera lanean. Lan handia egin dute. Irurtzungo Mendi Jardueretan Alex Txikonek Sakanako Ibilaldiaren propaganda egin zuen, eta pentsatzen dut SOS Himalaya Fundazioak ere egindakoak eragina izango zuela. Gauza asko dira, faktore asko. Apirilaren 21ean Sakanako Ibilaldiaren egunean lan egingo duten boluntarioekin bilera egin genuen ardurak eta lanak banatzeko, eta jende asko bildu ginen Iratxon, 80dik gora. Eta hori ez da normala. Deigarriena, jende gazte asko zegoela, eta giro oso polita. Izena emana ez zuten boluntarioak ere agertu zitzaizkigun, lan egiteko prest. Oso pozgarria da. 

Larunbaterako gehienez 20 graduko tenperatura eta euria egiteko %50eko aukera iragartzen dute Irurtzunen. 
Mendian ibiltzeko tenperatura bikaina. Ibilbidea zoragarri dago. Nik ez ditut hemengo inguruetako mendi hauek hain berde sekula santan ikusi. Joan zen urtean eta aurten udaberria 20 egun aurreratu da. Guk beti apirileko azken larunbatean egin izan dugu Sakanako Ibilaldia. Beriaindik jaistean agian pagoren bat ikusten zenuen animatu nahian... baina beste guztia mugitu gabe zegoen. Orain dena berde dago. Esandakoa, 20 egun aurreratu da udaberria. 

Jende asko martxa ikustera hurbiltzen da: Uharte Arakil, San Miguel, Madotz, Irurtzun... Zein toki gomendatuko zenuke?
Ibilbide Luzean, San Migelera, azkeneko aldapatxo hori ikustera joatea polita izaten da. Korrika egiten dutenak lehenago heltzen dira, baina 11:00etatik aurrera pasatzen da gehiengoa. Eta Ibilbide Motza ikusteko, Madozko portua igota, Madoz herri aldera jotzen du errepideak bihurgunean eskuinaldera eginez, baina ezkerraldera egiten badugu, Agiri aldera, balkoi hori leku zoragarria da. Zalantzarik gabe, hor jarriko nintzateke. Paisaia zoragarria da. Ibilbide Luze guztia ikusten da, Beriain, Aralar...

Bukaeran, Irurtzunen, giro ederra.
Hori espero dugu. Kupela jartzen dugu, auzate ederra... Lehenengoak ordu bata inguruan hasiko dira heltzen, eta azkenekoa iristeko 20:00-20:30ak izan daitezke.