Memoriarako fabrika bat

Guaixe 2023ko mai. 8a, 12:37
Inasako langileen batzar bat berregin dute dokumentalerako. IRURTZUNGO UDALA

Langileen Nazioarteko Eguna pasa berritan, Irurtzungo Udalak Inasako langileen borroka gordetzeko egindako dokumentala mustu dute. Udalaren ikus-entzunezkoak 2012an kaleratu zituzten 155 langileak omendu nahi ditu.

Arakilgo kontzejuetako bat zen Irurtzun eta 400 biztanle zituen 1956an. Huarte enpresa taldeak, Espainiako kapitalarekin batera, Industria Navarra del Aluminio SA, Inasa, lantegia herrian ezarri zuen. 1962an, Reynolds International multinazionala akziodun egin zen. Estrusio eta galdaketa ontziak handitu edo ontzi berriak eraiki ziren. Paretik pasatzen zen errepidean langile premia adierazten zuen kartela jarria zegoen. 

Irurtzun eta Arakilgo ekonomia eraldatu zuen Inasak, baita herria ere. Izan ere, Gaztelatik, Extremaduratik, Andaluziatik… makina bat langile familia erakarri zituen. Herriak denbora gutxian populazioa ia laukoiztu zuen, 1.500 biztanle izatera pasaz. Horrek Irurtzunen urbanismoa itxuraldatu zuen hirigintza planik, azterlanik eta hirigintza irizpide iraunkorrik ez zegoen garaian. Familia etorri berriek etxea behar baitzuten, "ugazaben etxeaz" aparte. 

Reynolds taldeak Inasaren kapital ia guztia eskuratu zuen 1973rako. Multinazional amerikarrak Inasaren adarrak saldu zituen 1998an: laminazioa VAWi eta estrusioa Alcoari (ekoizten jarraitzen du gaur egun). Lau urteren ondoren, 2002an WAVek Hydrori saldu zion. Laminazio negozioa Hydroren esku zazpi urtez egon zen, 2009ko akaberan Baikap jabetu baitzen hartaz. Haiek izan ziren lantegia ixtea lortu zutenak. 

Mustutzeaz
Martxoaren 5ean, ostiralean, mustu zuten dokumentala. Dokumentalean langile, senide, sindikatuetako kide eta udal ordezkarien oroitzapenak jaso dira. Haien lekukotzen bidez "lantegiari buruzko ahozko memoria gorde nahi izan dugu", azaldu du Aitor Larraza Carrera alkateak. Gaineratu duenez, "dokumentalak industria espazioari lotutako herri baten eboluzioa erakutsi nahi du. Lan eskubideen lorpenean langile haien antolakuntza, elkartasuna eta eraginari duen balioa aitortu nahi diegu. Giro bizi hark Irurtzungo gizartea eta kultura aldatu zituen". 

Udalak argitalpen bikoitza egin du. Alde batetik, Inasa: Irurtzungo langileon indarra eta arnasa izenburuko ikus-entzunezkoa. Hamahiru pertsonari egindako elkarrizketen pasarteak jasotzen ditu. Haiek kontatutakoen berregiteak ere tartekatu dituzte. Horiek irurtzundar gazteen parte hartzearekin egin dituzte. Garai bateko argazkiak eta prentsa zatiak ere ageri dira. Lanak 63 minutuko iraupena du, eta euskaraz eta gaztelaniaz azpititulatutako bertsioak ditu. 

Horren osagarri, udalak 48 orriko liburua argitaratu du. Bere edukien artean daude elkarrizketatuen fitxa, enpresaren ibilbidearen eta langile borroken denbora lerroa erakusten duen infografia eta orduko argazkiak. Liburuak USB txartela du, eta han jasota daude dokumentalaren bi bertsioak.  Lana materia gabeko ondarearen bilketan aditua den Labrit Multimedia enpresak egin du. Egindako lana "Irurtzungo iragan hurbila ezagutuz herriaren oraina ulertzeko beste tresna baliagarri bat izatea", espero dute. 

Elkarrizketatuak 
Inasaren inguruko udalaren lanean hamahiru pertsonak parte hartu dute. Batetik, Francisco Cortajarena Lacunza, bizikletak konpontzen zituena. Bestetik, Visitacion eta Mª Cruz Nagore irurtzundarrak, etxekoen janari dendan eta tabernan lan egindakoak. Mª Cruz taxi gidaria eta Inasako administratiboa izan zen. Domingo Nagore Ibañez, pilotaria, pentsua banatzen lan egin zuen. Haiekin batera, Patxi Xabier Goñi Lazkano Inasako langile ohia eta langile asanbladekin lotura handia izandakoa. Manuel Santander Astibia etxeko okindegian eta bere kamioiarekin garraioan ibili zen. Goyo Fernandez Gutierrez, berriz, Palentzian sortua, Inasan lan egin eta, min hartuta, lanari utzi behar izan zion. Ion Cordon Gonzalez Inasako langile ohia, hura utzi eta taxi gidari aritu zen. 

Horiez aparte, Maria Jesus Lakuntza Beunza Inasako administratiboa izandakoa ere elkarrizketatu dute. Andoni Ruiz Higueras Inasako langilea eta CCOOko ordezkaria izan zenak ere utzi du lekukotza. Baita Migel Maria Aldayak ere. Langile ohia, asanbladatan oso aktiboa izan zen. Maite Moreno Iribas, berriz, Inasan lanean hasi zen aurreneko emakumeetako bat izan zen, lantegian osatu zuen bere lan bizitza. Inasa itxi zenean Txiki Iriarte Vitoria zen Irurtzungo alkatea eta bere testigantza ere jasoa dago. Garai triste hartan enpresa batzordean LABeko ordezkaria zen Fernando Carrion Galarza. Eta azkenik, Maite Etxetxikia Cigandak ere bere kontakizuna utzi du. Garai hartan Etxetxikiak taberna zuen Irurtzunen, eta bere senarra Inasan lan egiten zuen. 

Erlazionatuak

Akabo Inasa

Guaixe 2013 ira 06 Irurtzun

Inasaren akaboa

Guaixe 2013 abe 12 Irurtzun