Irurtzun hegoaldeko urbanizazio berriko lanak hasi dira

Guaixe 2023ko ira. 19a, 08:56

Lizarra kalearen ondoan hasi dira urbanizazio lanak.

Saihesbidearen, Intxaurreta kalearen eta Lizarra kaleko 20 eta 24 zenbakien arteko espazioa hartuko du.

Duela bi aste egindako lur mugimenduekin urbanizazio berriaren zer edo zer atzematen da. Esaterako, Larraun eta Lizarra kaleak lotuko dituen kalearen trazatua. Izan ere, duela bi aste ekin zioten Lacunza enpresako langileek Irurtzungo hegoaldeko urbanizazio lanak egiteari. Guztira 8.120,8 metro karratuko eremua itxuraldatuko dute, hartatik 4.014,17 m2 kale, hainbat espaloi eta 34 aparkaleku (3 ezgaituendako) plaza izanen dira. Lan horien truke enpresak 637.774,71 euro (BEZik gabe) jasoko ditu. Lanak egiteko zortzi hilabete ditu enpresak. 

Irurtzungo Udalak herritarren etxebizitza premia zein zen jakiteko inkesta egin zuen 2021eko otsailean. Bi eskaera nabarmendu ziren: familia bakarreko etxebizitza baten bila dabiltzan familia helduak eta etxebizitza bat eskuratu nahi dutenak. Irurtzunen nahikoa pisu badaudenez, familia bakarreko etxebizitzen eskaerari erantzuna emateko pausoak ematea erabaki zuen udalak. Gainera, pandemiaren ondorioz, izan zen herritarrik udaletxera joan zenik galdezka ea halako etxebizitzak jasotzeko partzelarik ote zegoen. Udalaren ezezkoa jasotzean, aldameneko herrietara begiratzen zuten herritarrek. Beraz, Irurtzunen biztanleak finkatzeko urbanizazioa egitea erabaki zuen udalak. 

Urbanizazioa eginda, familia bakarreko etxebizitzetarako 29 partzela sortuko dira: hamar saihesbidearen parean, hamaika Lizarra kalearen parean eta gainontzeko zortziak urbanizazio barruan. Urbanizazioaren zati baten jabea udala da eta bestearena partikularrak. Partikularrenak 17 partzela izanen dira eta udalarenak 12. Irurtzungo Udalak oraindik ez ditu saltzeko baldintzak zehaztu.