Abenduaren 3an Euskararen eguna izanen da, eta urtero bezala Irurtzungo Aizpea euskara elkarteak egunaren harira abenduan zehar Euskal Ekitaldiak programa antolatu du. Egitaraua abenduaren 3an bertan hasiko da, Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoen bisitarekin; ohitura bihurtu da euskal pailazoen euskararen eguneko bisita. Abenduaren 4an, astelehena, Irurtzun Kantuz taldearen kalejira izanen da, eta abeslariak trikitilariak lagunduta joanen dira.
Joxe Aldasoro idazle etxarriarrak Heldu da kontua lehiaketa irabazi zuen, eta horren bidez helduendako ipuin kontaketa bira egiten ari da. Abenduaren 7an, osteguna, Pikuxarren izanen da, Euskal Ekitaldiak programaren barruan. Abenduaren 9an Saioa Alkaiza eta Unai Iturriaga bertsolariekin afaria izanen da, Pikuxarren. Bertso afarirako izena ematea eta ordaintzeko epea abenduaren 4an amaitzen da, eta 22 eurotan eros daitezke txartelak. Kultur ekitaldiekin jarraituz, abenduaren 13an, asteazkena, Nerea Balda Sanjuan idazle irurtzundarrarekin Azpimarrak bere eleberriaren inguruko solasaldia izanen da, Pikuxarren.
Euskal Ekitaldien beste ekimen ohiko bat Euskaraz Futbolean da. Abenduaren 27an, asteazkena, izanen da: Haur, guraso edo heldu arduradunen arteko euskarazko partida bat da; haur bakoitzak heldu batez lagunduta egon behar dute eta betiere baldintza bakarra euskaraz hitz egitea da.
2023ko Euskal Ekitaldiak egitaraua
Abenduak 3 igandea
17:00, Irurtzungo kiroldegian
Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoen Ez gara jaitsiko! ikuskizuna.
Abenduak 4 astelehena
12:00, Foru plazan
Irurtzun Kantuz trikitilariekin.
Abenduak 7 osteguna
19:00, Pikuxar elkartean
Joxe Aldasororen Helduentzako ipuin kontaketa.
Abenduak 9 larunbata
Bertso afaria: Saioa Alkaiza eta Unai Iturriaga.
Abenduak 13 asteazkena
19:00, Pikuxar elkartean
Azpimarrak liburuari buruzko solasaldia, Nerea Balda egilearekin.
Abenduak 27 asteazkena
12:00, Irurtzungo kiroldegian
Haur, guraso eta heldu ardurandunen arteko partidua euskaraz.