Gobernuak autobus zerbitzuan hobekuntzak egin ditu

Guaixe 2023ko abe. 12a, 08:47

Autobusa Irurtzungo geltokian. ARTXIBOA

Abenduaren 13tik aurrera beste bost autobus izanen dira eta, gainera, hainbat ordutegi egokituko dira.

Nafarroako Gobernuak, Lurralde Kohesiorako Departamentuaren bidez, hobekuntzak eginen ditu Iruñea eta Irurtzun arteko hiriarteko autobusaren konexioan, heldu den asteazkenetik, abenduaren 13tik hasita. Modu horretan, bost zerbitzu berri izanen dira astean, eta, gainera, autobus batzuen ordutegiak egokituko dira, eskatutako hobekuntzei erantzuteko. Nabarmentzekoa da foru gobernuak maiatzean jarri zuela Iruñea-Gasteiz emakida. Ondorioz, irurtzundarrei hiriburura joan edo etortzeko aukerak asko murriztu zitzaizkien, eta herritarrak kexu azaldu ziren. 

Aldaketak
Iruñetik abiatuta, astelehenetik ostiralera, bi autobus gehiago egonen dira: Iruñetik 06:00etan eta 17:00etan aterako dira, eta Irurtzunera 06:35ean eta 17:25ean iritsiko dira, hurrenez hurren; larunbatetan, Iruñetik 10:45ean aterako dira eta Irurtzunera 11:10ean. Irurtzun-Iruñea noranzkoan, berriz, Irurtzundik 17:56an irten eta Iruñera 18:21ean iristen diren maiztasunak gehitzen dira, eta larunbatetan Irurtzundik 11:23an irten eta Iruñera 11:58an iristen direnak.