Irurtzungo Udalak gobernuan autobus zerbitzuaren egoera konpontzeko prestutasuna ikusi du

Guaixe 2023ko urr. 31a, 09:00

Irurtzundarrak autobusera sartzen. ARTXIBOA

Irurtzundarrek zerbitzu galera izan dute eta makina bat kexa publiko egin eta udalari jakinarazi dizkiote. Udalak egindako galdetegian jasotakoak ere jakinarazi dizkio. Bileratik “pozik” atera ziren udal ordezkariak, “baina ikusi behar” gaineratu dute.

Nafarroako Gobernuak Iruñea eta Gasteiz arteko autobus kontzesioa La Burundesa enpresari eman zion. Haren bidez foru administrazioak NBus autobus zerbitzu publiko berria jarri zuen maiatzaren 4an, hauteskundeen aurretik. Ordutik asko izan dira zerbitzuaren inguruko kexak, bereziki Irurtzunen. Hori jakinik Irurtzungo Udalak bere webgunearen bidez herritarren kexak jasotzeko galdetegia zabaldu zuen, 50 erantzun baino gehiago jaso zituen. Han jasotakoarekin eta udalak zekienarekin, autobus zerbitzuaren egoera bideratzeko Nafarroako Gobernuari bilera eskatu zion. 

Garraioen eta Mugikortasun Jasangarriaren zuzendari nagusi Berta Miranda Ordobas eta Lurralde Kohesioa Departamentuko beste teknikari batekin elkartu ziren Irurtzungo Udal ordezkariak lastailaren 18an. Unai Razkin Iriarte alkateak azaldu duenez, "gobernuko ordezkariek onartu zuten Irurtzunen zerbitzuak okerrera egin zuela". Alkateak azaldu duenez, "legez, autobus kontzesio bat eman ondoren, beste enpresek ezin dute geltoki horietan bidaiaririk hartu. Esklusibotasuna ezartzen du. Donostia eta Iruñea arteko kontzesioa ondoren emanen dute. Beraz, linea horretan ari diren autobusek ezin dute bidaiaririk hartu". 

Ondorioak 
Udalak aurreko eta egungo autobus ordutegiak konparatu ditu eta zerbitzuaren okertzea nabarmena da. Astez, Irurtzundik Iruñera joateko hamahiru autobus zeuden lehen, orain hamar. Bueltan etortzeko lehen hamabi zeuden, orain zazpi. Beraz, lehen hainbat konpainiaren artean eramaten zituzten bidaiari kopurua orain bakarrak ezin du eraman. 

Alkateak nabarmendu duenez, "Iruñerako linean Irurtzun ibarreko azken geltokia da eta bidaiari asko badaude autobusean, irurtzundarrak autobusa ezin hartu gelditzen dira". Askorendako buruhauste handia da hori. "Gainera, puntualtasuna ere ez da ona. Horregatik, hainbat irurtzundar ez dira zerbitzuaz fio eta erabaki dute Iruñera joateko garraio publikoa utzi eta auto partikularrean joatea. Bestela, ez direlako garaiz iritsiko medikura, lanera edo dena delakora". Razkinek gaineratu duenez, "badira ordu batzuk zeinetan autobus zerbitzurik ez dagoen, eta beharrezkoa den". 

Bileraz
Irurtzungo Udal ordezkariek, masifikazioa, puntualtasuna eta ordutegien maiztasunaren gaiekin joan ziren bilerara. "Guk esandakoak haiek zituzten autobusen okupazio tasekin bat zetorren. Zeren okupazio tasa oso altua da". Horregatik, gobernuak autobusen okupazio handiko ordutegietan errefortzua jartzeko aukera aztertzen ari da. Dauden baliabideekin moldatu beharko luke. "Autobusen puntualtasun faltarena onartu zuten gobernukoek. Hori zuzentzeko eta doitzeko gobernua enpresarekin hizketan" ari dela jakinarazi zien Mirandak. 

Bestetik, autobus maiztasuna handitzeko neurriak ere hartuko ditu gobernuak. Razkinek jakinarazi duenez, "hasi dira tramitazioa egiten bizpahiru autobusek Irurtzunen geldialdia egiteko". Horietako bat da astegunetan Iruñetik 06:00etan ateratzen dena, eta beste bat Gasteiztik 17:00etan ateratzen dena. Larunbat goizean Iruñerako beste zerbitzuren bat jartzea ere aztertuko dute. Razkinen bileraren balorazio "ona" egin du, "egoera hobetzeko prestutasuna azaldu dute. Lankidetzarako borondatea dute, eta 15 edo 20 egun barru bilera eginen dugu berriro. Orduan ikusiko dugu zer aurrerapauso izan diren".