Zigor Gartzia 'Zian'

"Bertsolari gazteei bertsotan aritzeko aukera eman, lurraldetasuna eta parekidetasuna bermatzea dira gure helburuetako batzuk"

Guaixe Irratia 2025ko mai. 13a, 12:00

Aixita bertso sariketaren 5.edizioa ospatuko da larunbatean, maiatzaren 17an Irurtzungo Kultur etxean, 17:30etatik aurrera.

Zigor Gartzia Arregi, gai jartzaile lanetan ariko da eta antolatzaile lanetan ere badabil. Berak eman dizkigu sariketaren nondik norakoen berri. Aurten 6 bertsolarik hartuko dute parte. Bi nafarrek, Iosu Sanjurjo Altzuri lesakarrak eta Endika Legarra Nuin iruindarrak; arabar batek, Aroa Arrizubieta Barredo gasteiztarrak; bizkaitar batek, Josune Aramendi Perez markiña-xemeindarrak; Aitor Servier Etchchuri azkaindarrak (Iparralde), eta Gipuzkoatik Ane Zuazubiskar Iñarra arrasatearrak. Irurtzungo Aixita bertso sariketaren bosgarren edizioa izanen da aurtengoa. Eli Pagola Apezetxeak irabazi zuen sariketaren lehenengo txapela, 2021. urtean. Bigarren txapelduna, 2022. urtean, Ane Labaka Mayoz izan zen, eta 2023an, hirugarren edizioan, Amaia Ituriotz Etxanizek jantzi zuen txapela. Aurreko urtean, laugarren edizioan, Aitor Bizkarra Ruizek irabazi zuen.