Irurtzungo Udalak Berroz parajean 31 ekobaratza sortu zituen eta hainbat irurtzundar 2023ko garilaz geroztik erabiltzen ari dira. Baina haietako batzuk baratzaren kudeaketa utzi dute eta horien erabilera eman nahi du udalak orain. Horretarako itxarote zerrenda sortu nahi du egungo eta etorkizuneko bajak betetzeko. Herri baratza bat kudeatu nahi duten irurtzundarrek udalean aurkeztu beharko dute eskabidea irailaren 19ko 23:59 baino lehen.
Udalak jakinarazi duenez, baratza eskuratu nahi dutenek honako baldintzak bete beharko dituzte: adin nagusikoa izatea; Irurtzunen erroldatuta egotea; herrian bizitzea, egiaz eta jarraituki; zerga betebeharrak egunean izatea eta udaletxean eskaera egin izana, horretarako ezarritako epean eta moduan. Irurtzungo Udalak hainbat ohartarazpen egin ditu. Batetik, baratze bakarra emanen zaio bizikidetza-unitate eta/edo bizileku bakoitzari. Bestetik, landatu daitekeen lursail baten jabe direnei ez diete herri baratzik emanen. Aldi berean, herri baratza bat erabiltzeko baimena jaso eta haren erabilera okerra egin duten pertsonei ez zaie atzera ere erabiltzeko baimenik emanen. Azkenik, udalak ohartarazi du lursail bat erabiltzeko baimena jasotzen dutenek ezin izanen dutela hura saldu, eskualdatu edo alokatu.