Atakondoan protesta egiten hasi dute ikasturtea

Guaixe 2025eko irailaren 4a

Irurtzungo Atakondoa eskolako patioan egin dute elkarretaratzea. UTZITAKOA

Gela baten 31 ikasle masifikatuta egonen direla salatu dute. Hezkuntza Departamentuak eskolako zuzendaritzaren iritzirik ez duela entzun salatu dute. Baita udan hasitako lanak ez dituela bukatu ere. Gurasoek salatu dute departamentuak ez dituela entzuten Atakondoako hezkuntza komunitatearen proposamenak.

Hezkuntza duinaren alde, masifikaziorik ez. Hezkuntzak ez du Atakondoan inbertitzen, txapuza merkeekin konponbidea ematen du. Bikoizketa orain. Ez gara zenbakiak. Horiek dira Atakondoa ikastetxeko patioan gurasoek goizean zabaldu dituzten pankartetan irakur zitezkeen leloak. Atakondoa eskola publikoan aurreko ikasturtea bukatu bezala hasi dute berria, protestan. DBH2ko ikasgela batean 31 ikasle izanen direla salatzen dute. Espazioa txikia dela, barruan ikasle eta irakasleek mugitzeko ia tarterik ez dutela eta horrek bai ikasleen ikasteko bai irakasleen irakasteko baldintzei eraginen diela salatzen dute. Atakondoako hezkuntza komunitateak argi du konponbidea: 31 ikasle horiek bi gelatan banatzea. Hori aldarrikatzeko hainbat ekimen egin badituzte ere, Hezkuntza Departamenduaren ezezkoarekin topo egin dute. 

Departamentuko arduradunek egoera berrikusiko zutela adierazi zuen. Eta zuzendaritzari garilaren hasieran bi aukera eman zizkion. Batetik, 10 eskola-ordu gehiago ematea ikasgela hainbat ikasgaietan bikoizteko. Eta, bestetik, bi gelen arteko horma bat bota gela handiago bat lortzeko horma mugikor bat jarriz . Azken neurri horrekin eskolak ez luke gelarik galduko. Eskolako zuzendaritzak lehen aukeraren alde egin zuen eta, badaezpada, 10 orduko gehigarri horiekin plangintza proposamen berri bat bidali zuen Hezkuntza Departamentura, eta erantzunaren zain geratu zen.

Ez zuen erantzunik jaso. Departamentuak erabaki zuen bi gelen arteko horma botatzea, hala egin zuen agorrilaren hasieran. Horma bota bai, baina oraindik horma mugikorra ez dutela jarri salatu dute gurasoek. Beste lan batzuk ere bukatu gabe daudela salatu dute. Bilkuran izandakoen iritziz departamentuak berarendako hobea den diru irtenbidearen alde egin du. 

Erabakiaren kontra
Bilkuran adierazi dutenez, ez daude ados ez departamentuaren jarduteko moduarekin ezta haiei kontsulta ez egiteagatik. Gurasoen iritziz, Hezkuntza Departamentuak "Atakondoako zuzendaritza kontuan hartu gabe eta informatu gabe, merkeena edota erosoena zirudien bidea aukeratu zuen, kaltetuei galdetu gabe". Azaldu dutenez, "Atakondoako zuzendaritza Hezkuntza Departamentuarekin hitz egiten saiatu da ikasgelaren azken egoera zein izango den jakiteko. Gaur egun oraindik ez du erantzunik jaso. Ondorioz, ikasturterako gelak eta irakasleen ordutegiak behar bezala planifikatu eta antolatzea zailtzen dute".

Bilkuran azaldu dutenez, "Atakondoako zuzendaritza eta ikasleen familiak minduta gaude Hezkuntza Departamentuaren kudeaketarekin. Izan ere, departamentuak hartutako erabakiak ez dizkigu kontsultatu, ezta lanak egin aurretik gaztigatu ere". Atakondoakoak minduta daude "departamentuarekin zuzeneko komunikaziorik ez egoteagatik eta ikastetxeak planteatzen dizkion gaiei arreta eskasa emateagatik. Horrek guztiak abandonu sentsazioa eragiten digu". Ez daude jarduteko modu horrekin ados. "Ikastetxetik planteatzen zaizkizun premiei erantzuteko, "departamentuari hezkuntza-komunitatearen iritziak kontsultatu eta entzuteko eskatu" diote. Zuzendaritzak eta DBH2ko gurasoen kolektiboak laguntza eskatu diote Atakondoako hezkuntza-komunitate osoari, Hezkuntza Departamentuari jarrera kolaboratiboagoa eskatzeko.