Irurtzungo Udalak Lizarra kalearen jabetza eskuratu ondoren, herrigunea birpentsatzeko eta mugikortasuna nolakoa izan behar duen aztertzeko prozesua abiarazi zuen udalak. Horren baitan herritarren iritziak jasotzeko saioa egin zuen azaroaren 27an. Hartan 50 bat irurtzundarrek parte hartu zuten. Topaketaren ondoren, hura bideratu zuen enpresako langileek jasotako ekarpenekin txostena eginen du. Udalak txostena jasotzean baloratu eginen du. Unai Razkin Iriarte alkateak azaldu duenez, "printzipioz proiektua 2026an aurrera eraman nahi genuke".
Aparkalekuak
Larraun eta Ugaldeta kaleen ondoko aparkalekuko lanak Lakita enpresak eginen ditu. Horien truke 145.998,32 euro ordainduko dio udalak. Zinema zegoen tokiko orubeko aparkalekua Lacunza enpresak eginen du. Haren aurrekontua 140.069,32 eurokoa da. Aurretik lursaila erostera 74.882,59 euro bideratu zituen udalak. Obren segurtasun plana egin ondoren, lanak urte akaberan edo hasieran hasiko dira.
Irurtzungo Udalak, bestalde, makineria berria erosi du 6.500 euroren truke. Tresnetako bat kiroldegia garbitzeko erabiliko da. Bestea, berriz, kaleen mantentze lanak modu egokian egiteko balioko du. Esaterako, espaloietan sortzen diren belarrak mozteko balioko du.
Azkenik, udalak jakinarazi du gaztetxokoan 65 izen emate izan direla kurtso honetan. Gaztetxoendako egoitzan 12 eta 15 urte bitarteko (6. mailatik D.B.H-ko 4. maila arte) gazteendako ateak zabalik ditu azaroaren 14tik: ostiraletan 17:00etatik 22:00etara eta larunbatetan 17:00etatik 22:00etara.